PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako adierazpenak salatu egin du gurasoen betoarekin "ikastetxeetan ezartzen diren hezkuntza edukiak manipulatzen" saiatzea.
Horrez gain, Parlamentuak Vox, PP eta Ciudadanosen erasoei aurre egiteko konpromiso irmoa agertu du, baita berdintasunean eta balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntzaren aurkako talde ultrakontserbadoreen erasoei ere, izan ere, aurreko legegintzaldian Nafarroan Skolae programaren eta horren sustatzaileen aurkako boikota eta sorgin ehiza bultatu zuten.
Hirugarren puntuan, hezkuntza komunitate osoaren "profesionaltasunaren eta independentziaren" alde agertu dira, "eskuineko alderdien deriba zentralista, doktrinatzaile eta kontrolatzailearen aurrean". Era berean, eskuin muturreko zenbait erakunde egiten ari diren erasoak deitoratu dituzte.
Puntu horiek Navarra Sumaren ezezkoarekin eta gainerako taldeen babesarekin onartu dituzte.
Bosgarren atalean, aho batez onartutakoan, Legebiltzarrak konpromisoa adierazten du "pentsamolde aniztasuna, berdintasun, bizikidetza, errespetu eta tolerantzia printzipioak irakastea, gizarte demokratiko batek derrigorrezko hezkuntzan ikasle guztiei helarazi behar diena, Europako Kontseiluak gomendatzen duen bezala".