Foru Berriaren aurkako helegiterik ez jartzeko eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Estatuari

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 20a, 12:00

Mahai eta Eledunen Batzarra, artxiboko irudi batean

Gobernuak borondate onaren seinaletzat jo du Estatuak helegitea aurkezterakoan ez eskatu izana foru berriaren errekurtsoa bertan behera uzteko.

Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onartu du gaur. Horren bidez, Foru Berria eguneratzeko Foru Legeari konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzeko erabakia indarrik gabe uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Ministroen Kontseiluak hilaren 14an onartutako akordioaren arabera, Espainiako Gobernuak uste du Nafarroako legearen zenbait edukik Konstituzioak Estatuaren eskumen esklusibotzat jotzen dituen zenbait urratzen dituztela.

Gobernuak uste du urratu egiten dela Estatuak lege batzuetan erregistro eta tresna publikoak antolatzeari buruz duen eskumena, bai eta Estatuak lege-gatazkak ebazteko arauei buruz duen eskumena ere.

Nafarroako Gobernuak "akordiorantz aurrera egiteko borondatearen erakusgarri" gisa baloratu du Estatuak Foru Berriaren kontra aurkezturiko helegitean ez eskatu izana behin-behinean baliorik gabe gera dadila Foru Berria bere osoan.

Nafarroako Gobernuak ohar batean azpimarratu duenez, "bertan behera ez uzteak arau osoa indarrean egotea esan nahi du; hau da, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bilduma edo Foru Berria osorik aldatu eta eguneratzen duen apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legea, inpugnatutako zatiak barne".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!