Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Nafarroako 2018ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin. Lege horretan 4.179,67 milioiko gastuak jaso dira (% 5eko igoera, 195,91 milioikoa), eta 4.102,66 milioiko aitortutako eskubide garbiak (% 9ko jaitsiera, 425,57 milioikoa).
Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2018ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Nafarroako Arartekoa).
Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, 2018an 4.025,57 milioi euro ordaindu zituen, eta 3.857,58 milioiko diru-bilketa garbia izan zuen.
Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da, eta hor 1.513,87 milioi jaso dira (+% 2). Bigarren garrantzitsuena langileen gastuen kapitulua da, 1.253,17 milioirekin (+% 1). Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntek 629,42 milioi egin zuten (+% 7), eta 152,46 milioiko inbertsioak egin ziren (+% 28).
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 1.739.788 milioi egin zuten eta zeharkakoek 1.870,16 milioi. Hirugarren finantzaketa iturri garrantzitsuena zorpetzea izan zen, hala finantzatu baitziren 208,058 milioi.
Aurrekontuko saldo ez finantzarioak (diru-sarrera eta gastu ez finantzarioen arteko aldea) 93,88 milioiko zenbateko positiboa du. Aurreko urtekoarekin konparatuta, zifra horrek % 73ko hobekuntza izan du (257 milioi gehiago). Gastu orokorretarako diruzaintza-gerakina ere positiboa da eta 158,14 milioira iritsi da, nahiz eta aurreko ekitaldikoaren aldean % 56ko beherakada izan.
Osasun arlora bideratu da gastu ehunekorik handiena (% 26), eta bigarren gastu handiena Hezkuntzakoa da (% 16). Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak guztizko gastuaren % 13 eragin zuen: 529,583 milioi (-% 5) Nafarroak bereganatu gabeko eskumenengatik, 2017ko abenduan sinatutako berritze-akordioaren aurretik Espainiako Gobernuak eskatzen zuena baino 93 milioi gutxiago. Zor publikoak gastuaren % 11 eragin zuen, eta gizarte zerbitzuek % 8.
Tributuen diru-bilketa likidoa 3.249,73 milioikoa izan zen, 2017koa baino % 7 handiagoa
Foru Administrazioaren finantza-zorra 2018ko abenduaren 31n 3.085,36 milioikoa zen (-% 5), eta horietatik 2.779,875 milioi dagozkio epe luzeko zorrari (-% 6). Zenbateko horren arabera, maileguek pisu erlatibo txikiagoa dute eta zorra % 5 murriztu da (172,74 milioi) 2017koaren aldean: orduan zor publikoak % 50 egiten zuen guztizkoan.
2018an, zorraren batez besteko interes-tasa orokorra % 2,63tik % 2,35era jaitsi da. Zorraren guztizkoa amortizatzeko aurreikuspenei dagokienez, % 48,3 kitatu behar da 2024. urtearen aurretik, eta urte horretan % 7,6 amortizatzea aurreikusten da.
2018ko martxoan, rating agentzia batek “A+, perspektiba positiboarekin” kalifikazioa eman zion Nafarroaren epe luzeko zorrari. Kaudimenari buruzko emaitza hori bi maila gorago dago Estatuarena baino.
Foru Komunitateak emandako abalen zenbatekoa 109,66 milioikoa da
Fiskalizazio-organoaren txostenak dioenez, Foru Komunitateko Administrazio Publikoak 2018an finantzaketa-beharren bolumenarekin lotutako eskakizun guztiak bete zituen, bai eta gastu-araua eta finantza-iraunkortasunarena ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egoera ekonomiko-finantzarioaren azterketatik ateratako konklusioa da “nolabaiteko okertze bat gertatu dela adierazleetako batzuetan, eta horrek berekin ekarri duela diru-sarrera arruntak nahikoak ez izatea funtzionamendu-gastuei eta finantza-zamari aurre egiteko, nahiz eta zorrarekin lotutako adierazleek hobera egin duten”.
Gainera, azken urte hauetan lehenengo aldiz, funts propioek balio positiboa izan dute, 120,60 milioi. Ingurune horretan, kontuan hartu beharra dago zenbateko handi samarra egiten duen zor bat badagoela, zeina datozen urteetan amortizatu behar baita, eta hura bai ezarritako egutegiak, bai interes-tasen aldeak nabarmen baldintzatzen dutela.
Bestalde, Kontuen Ganberak lanpostu hutsen portzentaje handiaz ohartarazten du txostenean. Azterketa horren arabera, Foru Administrazioak dituen 23.349 lanpostuetatik 7.078 hutsik daude, eta ildo horretatik Osasunbideko, Hezkuntzako eta Administrazio Erroko aldi baterako langileen kopuru handia nabarmentzen da. Hori dela eta, Kontuen Ganberak aldi baterako lana murrizten joateko behar diren neurriak hartzea gomendatzen du.
Enpresa publikoak 17 dira. Guztira 912,16 milioiko ondare garbia dute, eta 91,79 milioiko zorra. Ekitaldiko emaitza orokorrean 7,23 milioiko irabaziak izan zituzten. Sozietate publikoek 1.106 langile dituzte guztira, goi zuzendaritzakoak barne.