Udala Arrotxapeko entitateekin eta herritarrekin elkartuko da gaur, eremu urdinaz mintzatzeko

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 13a, 10:59
Arrotxapeko eremu urdina (Argazkia: Iruñeko Udala)
  • Batzarra 20:30ean eginen dute, Juslarocha Civivoxean, eta irekia izanen da.
  • Urtarrilaren 20an abiatuko da txandakako aparkaleku-sistema berria, 3.750 toki urdin eta laranja izanen dituena

Iruñeko Udalak bilera bat programatu du datorren astelehenerako, urtarrilaren 13rako, Arrotxapean abiatzekoa den eremu urdinari buruz aritzeko. Saioa herritarrendako zabalik dago, Juslarrocha Civivoxean izanen da, 20:30ean, eta Iruñeko Udalak auzoko hainbat entitate gonbidatu ditu. Aurreikusita dago bertan egotea Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkari Javier Labairu, Alor horretako zuzendari Patxi Fernández eta Arrotxapeko auzo-zinegotzi Carmen Alba.

Honako entitate hauek deitu dira bilerara: Mendialdea auzo-elkartea, Arrotxapeko merkatari eta ostalarien elkartea, El Salvador Erretiratuen Elkartea, Arrotxapea Zaharreko Erretiratuen Elkartea, Ibili Elkartea, Arrotxapea KKE, Rotxapea peña, Aralar elkartea, Arrotxapeko jai-batzordea, Arrotxapeko Erraldoien konpartsa eta Ortzadar.

Aparkatzeko sistema berria urtarrilaren 20an abiatuko da, eta guztira ordainpeko 3.750 aparkatze-toki inguru izanen dira Arrotxapean, Marcelo Celayeta etorbideak eta Arga Ibaiaren eta Errotazarko kaleek –auzoaren hegoaldean– mugatzen duten eremuan. Tokien % 92 laranjak izanen dira, eta % 8 urdinak. Eremu urdinekoak izanen dira merkataritza-jarduera handien dituzten kaleak, hala nola Joaquín Beunza, Bernardino Tirapu, Artica eta Marcelo Celayeta bera. Gainerako bideak, Gaseko korten eta Anelier pasealekuaren inguruko aldirietako bi aparkalekuak barne, laranjak izanen dira.

Oraingoz, 2.994 bizilagun-txartel eskatu dira ibilgailuak 8. sektore berrian (Arrotxapea) aparkatu ahal izateko. Bizilagun-txartela lortzeko, eskatzaileak erroldatuta egon eta ohiko bizilekua eduki beharko du txartela zein etxebizitzari lotuta eskatzen den eta horretan, txartela zein ibilgailutarako eskatu eta horren titularra izan beharko du, eta gida-baimena indarrean eduki. Ibilgailuaren helbide fiskalak eta eskatzailearen erroldakoak bat etorri beharko dute. Horrez gain, 48,35 euroko tasa ordaindu behar da. Txartel bakarra emanen da lagun eta ibilgailu bakoitzeko. Txartelak Herritarren Segurtasuneko Alorrean eska daitezke (Iratxeko monasterioaren k., 2), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era.

Dagoeneko instalatu dira auzoko kaleetan zerbitzua emateko behar diren 90 parkimetroak, eta 3.500 aparkatze-toki margotu dira, guztira aurreikusitakoen % 95 inguru. Seinaleztapen bertikala paratzea baino ez da geratzen, eta eremu urdina abiatzeko bezperan jarriko da, bertan aparkatzen duten erabiltzaileak nahastea saiheste aldera.

Aparkatze arautuko eremu urdin eta laranjen ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 08:30etik 14:00etara. Bertan aparkatzen ahalko dute –Arrotxapearen kasuan– sektoreko bizilagun-txartela duten ibilgailuek, denbora-mugarik gabe, eta aparkatze-txartela ordaintzen dutenek. Kasu horietan, eremu urdinean gehienez ere bi orduz aparka daiteke, eta eremu laranjan, egun batez. Ordutegi horretatik kanpo, aparkatzea librea da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!