U30 Greba orokorra

Gobernuak pobreziari buruzko txostenaren "irakurketa konformista" egin duela kritikatu du LABek

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 9a, 19:40

Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetarako sailburuak aste honetan esan du pobreziaren inguruko txostenek ez dutela adierazten "pobrezia-egoeren gorakada dagoenik, kontrakoa baizik; murrizten ari da".

Nafarroako Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunari buruzko III. Txostenaren "irakurketa konformista" kritikatu du LABek; izan ere, txosten horren arabera, pobrezia larriaren tasa %11,4koa da.

Sindikatuak arreta deitu du txostenaren datu "kontraesankorren" gainean, izan ere, "errenta bermatua jasotzen duten pertsonek gora egiten jarraitzen dute". "Handitu egin da beren laneko diru-sarrerak errenta bermatuarekin osatzen dituzten familien kopurua", adierazi du LABek, eta, txostenaren arabera, "pobrezia jada ez da bakarrik langabezian dauden etxeekin lotzen, baita enplegu ezegonkor eta prekarioarekin ere".

Era berean, aurkeztutako txostenak "egiaztatzen" du Nafarroa ez dela "langile pobreen fenomenotik at" ari. Halaber, "estatuko langabeziaren sistemaren defizitak langabeen erdiek langabezia estaldurarik ez izatea dakar", eta horrek "estatuaren eta Nafarroaren artean estaldura ardurak aldatzea dakar", azpimarratu du.

Egoera horren aurrean, LABen ustez, pobreziari aurre egiteko hartu beharreko neurriek "borondate politikoa izan behar dute pertsonen interesak lehenetsiko dituzten politika publiko anbiziotsuak egiteko, baita Nafarroan bere gizarte- eta enplegu-politika propioa erabakitzeko aukera emango duten beharrezko tresnak ere, txostenak berak adierazten dituen gabeziak gainditu ahal izateko".

Bestalde, "langile pobreen kopuruaren gorakadaren aurrean", Foru Gobernuak "hazkunde ekonomikoaren aurrean, enpleguaren prekarietatea euren negozio nitxoa bihurtzen jarraitzen duten enpresa arduradunei ez die ezer adierazten", kritikatu du.

Hori dela eta, sindikatuak urtarrilaren 30eko greba orokorraren garrantzia azpimarratu du, "enplegu eta soldata duin baten aldarrikapena pentsioen sistema publikoari eusteko bermerik onena delako".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!