Navarra Suma bakarrik geratu da ikurriña jartzeagatik isunak ezartzeko asmoekin

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 18a, 08:17

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak atzera bota dute eskuinak proposatutako ikurren lege berria. 150.000euroko isunak ezarru nahi zituen Navarra Sumaren arauak balkoian ikurriña jartzen zuten udalentzako.

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek osatzen duten Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak Navarra Sumaren Ikurren Legea aurrera ateratzea eragotzi du. Lege horrek 150.000€ arteko isunak aurreikusten ditu ikurrina jartzen duten udalentzat, eta Nafarroako "nortasun ikur esklusiboen" gorespena eskoletara eraman nahi du. Nafarroa osoan, banderak banatu nahi zituen Navarra Sumak, herriz herri.

Urrian, PSNk legea tramitera onartu zuen arren, aurkeztu dizkion enmendakinek edukirik gabe uzten dute arau proposamena. Hala jasotzen da bere 9 zuzenketetan. Horietan, 12. eta 13. artikuluak kentzeko eskatzen da – Eskoletan "nortasun-ikur esklusiboak" goraipatzeari eta Nafarroako banderak herrietatik banatzeari buruzkoak –, bai eta zigorren kapitulu osoa indargabetzeko ere, bereziki ikurrina jartzen duten udalei zuzenduta, 2.000 eurotik 150.000 eurora ezartzen baitzituen. Legearen bi aldeak indargabetzeko ados daude zuzenketak aurkeztu dituzten alderdi guztiak, baina alde handia dago Nafarroak izan behar duen Sinboloen Legearen ideian, eta, beraz, oso zaila izango da arau berririk aurrera ateratzeko adinako adostasuna lortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!