Sakabanaketarekin bukatzea eskatu du Etxeratek Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 10a, 14:15

Zapi katea osatu dute eguerdian Iruñeko Sarasate Pasealekuan, Nafarroako Gobernua eta Parlamentuaren aurrean. Presoen sakabanaketak senitarteko eta lagunendako suposatzen duen zigor erantsia salatu dute eta azken hilabeteotan izandako kotxe istripuak gogoratu dituzte. EH Bilduko parlamentariek bat egin dute protestarekin.

Astebururo ehunka, milaka kilometro egitera behartuta, beren eskubideen urraketa salatu dute presoen senitartekoek eguerdian Iruñean egindako protestan. "Urte luzeak dirauen gatazka honen zuzeneko biolentzia eta erasoa pairatzen ari garen bakarrak egun gu gara;euskal preso politikoen lagun eta senideentzako ez da garai berririk oraindik" adierazi dute, "Guri, astebururo, milaka eta milaka kilometro egitera behartzen gaituzte. Urduritasuna, nekea eta tentsioa dira, horren ondorioz, gure eguneroko ogia. Baina ez hori bakarrik. Larriki eri dauden presoen aurkako espetxe politika krudela eta basatia da, erabateko isolamendu egoerak bere horretan jarraitzen dute, presoen aurkako eraso fisikoak, edota katxeo eta jazarpenak guretzako".

Sakabanaketarekin behin betiko amaitzeko eskatu dute, Sarasate Pasealekua, zapi katearen bidez zeharkatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!