Arrazakeriarik gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 10a, 14:00

Aldarrikapen bateratua egin dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Harro eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, agerraldi bateratua egin dute Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, Euskal Herriko Bilgune Feministak eta Harro eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek. "Pertsona Eskubideen aldarrikapen unibertsala onartu zela 71 urte betetzen diren honetan, aldarrikapen honetako hainbat eskubide urratzen dira egun oraindik ere", salatu dute. Lau puntutan laburbildu dituzte aldarrikapenak: 

  • Arrazakeria gabe bizi: "Euskal Herri solidarioa eta errefuxiatu eta migranteen alde lan egingo duena nahi dugu, arrazakeria gainditu eta pertsona guztiok herri honetan libre bizi ahal izateko eskubidearen aldeko neurriak nahi ditugu". Euskal Herria harrera herria bilakatu behar dela adierazi dute, eta horretarako arrazakerian oinarritutako ezberdintasunen aurkako neurriak hartu beharko direla.
  • Feminismotik bizi: Injustiziak elkarloturik ulertu behar direla ohartarazi dute: "Soldatapeko lan feminizatu prekarioa, ordaindu gabeko etxeko lanetan ematen ditugun jardunaldi amaigabeak, barne etxeko langileon egoera administratibo irregularra, botere guneetan dauden gizon burgesek bankaren interesak lehenesteak, naturaren desjabetzea, emakume, bollera eta transen aurkako biolentziak, epaitegietan erasotzaileak babestea eta emakume euskaldun bezala pairatzen ditugun zapalkuntzak".
  • Sexu aniztasunean bizi: Sexu orientazioa eta genero identitatea  pertsona ororen duintasunerako eta jendetasunerako "funtsezkoak" direla azpimarratu dute: "Sexu orientazio eta genero identitate guztietako pertsonak gainerako guztiek merezi duten duintasun eta errespetu berberaz bizi daitezen bermatzea eta pertsona hauek behar bezala gara daitezen bermatzeko egoki diren neurri guztiak hartu behar dira, talde edo pertsona horiek pertsona eskubideak besteen baldintza beretan izango dituztela ziurtatu ahal izateko".
  • Euskaraz bizi: "Euskal Herrian, oraindik ez ditugu hizkuntza eskubideak behar bezala bermatuta. Izan ere, euskararen lurraldea legeak ezarritako 5 eremuren arabera banatua dugu, non bakoitzean estatus eta babes ezberdina duen. Euskal hiztunak ez daude berdintasunean, ezin dute berdintasunez erabili beraien hizkuntza, ez administrazio publikoarekin harremanetan, ezta arlo sozioekonomikoan ere". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!