ACNURrek irabazi du NUPen 2019ko Jaime Brunet nazioarteko saria

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 10a, 13:44

Epaimahaiak aitortu egin du erakundeak mundu osoan errefuxiatuen, desplazatuen edo jazarritako pertsonen defentsan 1951z geroztik egindako lana.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza Eskubideen Sustapenerako Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak erabaki du Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisariotzari (ACNUR) ematea 2019ko saria, 36.000 eurokoa, “1951ko urtarrilaren 1az geroztik munduan errefuxiatuen eta desplazatuen alde egiten duen babes- eta laguntza-lan txalogarriarengatik, ordutik 50 milioi laguni baino gehiagori lagundu baitie”.

Saria jaso duen erakundearen izena astearte honetan eman dute jakitera, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Honako hauek izan dira ekitaldian: Joaquín Mencos Doussinague epaimahaiburu eta Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Alejandro Torres Gutiérrez epaimahaiko idazkari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna.

Nazioarteko Sariaren epaimahaiak epaian nabarmendu duenez, ACNURek “goraipatzeko moduko lana egiten du errefuxiatuen giza eskubideak bermatzeko eta jazarpena jasan dezaketen herrialde batera beren borondatearen aurka ez aberriratzeko. Aitzitik, haiek jatorrizko herrialdera itzultzeko erraztasunak ematen ditu baldintzek hala ahalbidetzen dutenean, eta, hori bideragarria ez bada, bide da asilo-herrialdeetan integratzeko edo hirugarren herrialdeetan birkokatzeko”. Halaber, epaiak dioenez, aitortza egin nahi izan zaio “aberrigabeak nahiz arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko edo talde sozial jakin bateko kide izateagatik jazarritako pertsonak defendatzeko dedikazioari”. “Era berean, gizakiaren oinarrizko eskubiderik funtsezkoenak erabat gauzatzeko egindako borroka ausarta saritu nahi da, hala nola hezkuntzarako eskubidea, enplegua, etxebizitza edo kontzientzia-askatasuna”.

ACNUR, 134 herrialdeetan

ACNUR 134 herrialdeetan dago gaur egun, eta Bigarren Mundu Gerraren ondorioz Europan desplazatutako pertsonei laguntzeko sortu zen. Orduz geroztik, hurrengo hamarkadetan izan diren gatazken ondorioz beren etxea utzi behar izan duten milioika errefuxiaturi eta desplazaturi lagundu die mundu osoan, besteak beste Hungariako iraultzaren ondorioz, Zipreko greziar eta turkiar komunitateen arteko liskarretan, Europako Balkanetako gerraren ondorioz, Aljeriako independentziaren ondoren eta hainbat krisialditan: Ruanda, Mozambike, Sudan, Namibia, Somalia, Kamerun, Txad, Niger, Nigeria, Afrika Erdiko Errepublika eta Libia. Bestetik, Timorren (Ozeania) izandako arazoetan edo Asiako herrialde askotan bizitako gertakari traumatikoetan ere hartu dute esku: Bangladesh, Kanbodia, Laos, Vietnam, Afganistan, Pakistan, Sri Lanka, Yemen, Irak eta Siria.

60ko hamarkadaren amaieratik, ACNURek ordezkaritza bat du Espainian, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileenganako errespetua eta haien nazioarteko babesa zaintzeko. Horretarako, gobernu, GKE eta erakundeekin lan egiten duen legezko, komunikazioko eta kanpo harremanetako talde bat du, aholkularitzaz eta prestakuntzaz arduratzen dena eta, gainera, errefuxiatuak Espainian birkokatzeko, integratzeko eta familiak berrelkartzeko programak sustatzen dituena.

Sortu zenetik, ACNURek bitan irabazi du Bakearen Nobel Saria (1954an eta 1981ean), eta behin Lankidetzako Asturiasko Printzea Saria (1991n), besteak beste. Gaur egun, 11.000 pertsonak egiten dute lan erakundearentzat hainbat herrialdetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!