Vocento Taldeko egunkari madrildarrak azal osoa eskaini dio atzoko bilerari. Argazki handian, lehen planoan, Maria Txibite ageri da, bisai serioz; eta bigarrenean Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz, irribarretsu.
Irudiari atxikiriko titulua: “PSOE jada EH Bilduren sostengua negoziatzen ari da”. Azpititularra: “Sozialista nafarrak aintzat hartzen ari dira abertzaleen eskaerak espetxe politikari, azpiegiturak geldiarazteari aurrekontuen kudeaketari dagokienez”.
El Mundok azaleko irudi nagusia eman die Nafarroako aurrekontuei. Irudia ABCrenaren oso antzekoa da. Argazki oina: “Txibite jada zuzenean negoziatzen ari da Bildurekin”.
El Mundo-ren editorialista, sutan
El Mundoren editorialgileak hautaturiko izenburu asko adierazgarria: “Orain Nafarroa, gero Euskal Herria (sic)”. Haren idazlanerako ezarri duen markoa: “Txibitek koalizio ETAzalea sartu du negoziazio bileretan”. Hortik abiaturik ehundu duen tesia: “Presidente izateko helburu hutsagatik, Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin aliantza osatzea onartu zuen, Bilduren babesarekin, eta hala PSN kondenatu du nazionalismorik erradikalenak bultzaturiko bide identitarioarekin lerratzera, Nafarroa euskal nazioari independente izateko falta zaion pieza dela usten duen horrekin hain zuzen ere”.