"Egun historikotzat" hartu du Navarra Sumak gaurkoa. "Atsekabetuta" zegoela adierazi du bileraren ostean Navarra Sumako Javier Esparzak, "iraingarritzat" jo baitu Nafarroako Gobernua EH Bildurekin ere bildu izana. EH Bilduren ustez, berriz, "urrats garrantzitsu bat" eman du Maria Txibitek. Aurrekontu eta zergen inguruko proposamen bat aurkeztu die EH Bilduk. "Gobernuak konpromisoa hartu du dokumentu horretan egiten diogun planteamenduari erantzuna emateko", adierazi dute.
Navarra Sumako Javier Esparzak eta Maria Jesus Valdemorosekin 16:00etan bildu dira Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibite eta Elma Saiz gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. Ordubete geroago bildu dira EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin. Bilerak amaituta gobernuak ez du adierazpenik egin.