Urtarrilaren 11ko manifestaziorako "motorrak berotzeko" elkarretaratzeak antolatu ditu Sarek

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 26a, 13:43

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dituzte mobilizazioak, "salbuespeneko espetxe politika behin betiko bertan behera gera dadila" eskatzeko. Iruñean, abenduaren 21ean egingo dute. 

Urtero bezala urtarrilaren 11n sakabanaketa politikaren aurka Bilbon egingo duten manifestazioari begira "motorrak berotzeko", Sarek lau elkarretaratze antolatuko ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eguberrietako oporren testuinguruan. Iruñekoa, abenduaren 21ean izango da.

Sareren ustez, eguberria une"garrantzitsua" da, lagun eta senideekin elkartzeko garai horietan areagotu egiten baita urrun dauden presoen hutsunea.

Zehazki, gaur egun 142 euskal preso daude beren etxeetatik 600 kilometro eta 1.110 kilometro artean, eta beste 42, berriz, 400 eta 600 kilometro artean. Gaixo dauden presoen egoera ere gogorarazi du Sarek: egun 21 presok dituzte osasun arazo larriak. “21 familia, bihotza uzkurtuta, ospakizunen erdian, gaixo eta urrun duten senidea ondo egongo ote den euren buruei galdezka”, adierazi dute Anabel Arraizak eta Inaxio Oiartzabalek, plataformaren izenean.

Aurten, emakumeen zein haur motxiladunen egoeran jarri nahi dute fokua bereziki. Espainiako kartzeletan diren 25 emakumeetatik 12 bakartuta daude, eta horietatik bost seme-alabekin: lau Picassenten, eta bat, Beatriz Etxeberria, Aranjuezen, haurrarekin bakartua. Sarek Xua haurraren kasua nabarmendu du: “Xua bere ama Olatzekin dago espetxean, baina urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu eta, ondoiroz, ama eta aitarengandik bereiziko dute”.

Presoak bisitatzera joateko bidean istripuetan hil diren senideen datuak ere eman ditu Sarek: orain arte, 16 izan dira, eta asteburu honetan bertan izan dira bi istripu, zauriturik gabe.

Egoera horren aurrean, salbuespeneko espetxe politikarekin behin betiko amaitu beharra dagoela exijitzeko aterako dira kalera abenduan. “Motxiladun haurek gurasoekin hazteko duten eskubidea aldarrikatzeko, larriki gaixo diren presoak jasaten ari diren heriotza zigorra salatzeko, espetxean bakartuak diren emakume presoak batzeko deia egiteko eta ezohikoa den espetxe politika honekin behin betiko amaitu behar dela exijitzeko”.

Iruñeko mobilizazioaren egun berean, abenduaren 21ean, izango da Gasteizkoa ere. Aste bat beranduago, abenduaren 27an, Bilbon egingo dute, eta 28an, berriz, Donostian.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!