Bideoa: Ahotsa.info
Duela 34 urte hil zuten Mikel Zabaltza. Ordutik, heriotzaren urteurrenean, urtero, harentzako egia eta aitortza aldarrikatzen dute omenaldi baten bitartez. Aurtengoa atzo, igandearekin egin zuten, eta ehunka lagunek hartu zuten parte.
Ekitaldiaren amaieran, Zabalza Gogoan plataformaren izenean, Unai Landak bizikidetzan sakontzearen beharra aldarrikatu zuen: “Bizikidetza hitz ederra askotan entzun dugu. Baina ñabardura subjektibo ugarikoa. Batzuentzat, mendekua da bizikidetzaren oinarria. Beste batzuentzat, aldiz, egiaren eta justiziaren arteko orekan datza. Gure kasuan, bigarren talde horretan gaude. Eta bizikidetza lortzeko ahaleginak egin badira ere, oraindik justiziatik eta aitortzatik urrun gaude”.
Zabalza Gogoan plataformak Altsasuko Gurasoak gonbidatu zituen atzoko oemnaldira. Haien izenean Antxon Ramirez de Alda mintzatu zen. “34 urte daramatzagu hemen ikusten zer den injustizia, Altsasun orain ikuste ari garen bezala”, esan zuen. Ekitaldian parte hartu zuten halaber, besteak beste, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek, Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek, Nafarroako Gobernuko Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubide zuzendari nagusi Matrin Zabaltzak, EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak, eta koalizio bereko parlamentari Bakartxo Ruizek.