Hiru urteko "labirintoa" salatzeko, kulturaz beteko dute Altsasu

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 30a, 19:21

Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske plataformako kideak, egitarauaren aurkezpenean, Altsasun. (Argazkia: Altsasuko Gurasoak)

Arteak, musikak eta kazetari "konprometitu eta kritikoek" osatzen dute azarorako Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak aurkeztu duten eskaintza.

Azarorako kultur eskaintza zabaleko egitaraua aurkeztu dute Altsasuko Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske plataformak. Altsasuko zortzi gazteak atxilotu zituztela hiru urte beteko dira azaroan. Bizitakoa "bukatu ez den hiru urteko ibilbide makurra" izan dela salatu dute; hori dela eta, Altsasuko auzia: hiru urteko labirintoa izenburupean eginen dituzte azaroko jarduerak. "Aldarrikatzen jarraitu beharra daukagu eta justizia galdegiten segituko dugu", adierazi dute Altsasun egindako prentsaurrekoan. 

Kulturaren bidez eginen dute datorren hilabetean justizia eskaizuna. Egia erein kontzertua izanen da lehen hitzordua, azaroraren 2an, Burunda pilotalekuan. 20 talde baino gehiago arituko dira. 

Kazetariak bilduko dituzte azaroaren 8an, Iortia kultur gunean. Aritz Intxusta (Gara), Joseba Santamaria (Diario de Noticias), Bea Talegon (Diario 16) eta Bertha Gaztelumendik (EHU) Altsasuko auzia aztertuko dute, Eitb-ko Xabier Lapitz arkezlearen gidaritzapean. Gontzal Mendibil kantariak ere parte hartuko du mahainguruari emaiera emateko.

Musika gehiago ere izanen da Altsasun. Aske musika kontzertua eskainiko dute azaroaren 24an, Burunda pilotalekuan. Miren Amuriza eta Dani Martirenaren gidaritzapean Oreka TXeko kideak, Altsasuko dantzariek, Aiora Errenteria, Jon Maia, Hodei Barroso, Aurora Beltran, Tximeleta taldeak eta Lluis Llanchek eginen dute bat oholtza gainenean.

Santiago Sierraren Preso politikoak, Espainia garaikidean erakusketa ezarriko dute Iortia kultur gunean. Txuri beltzeko 24 argazkik osatzen dute lana, eta bertan 74 preso politikori egiten zaie erreferentzia, tartean Altsasuko gazteei. 2018ko ARCO azokan erakutsi ziren lehen aldiz, baina "polemika ekiditeko" erakusketa erretiratu zuen Ifema erakundeak. Azaroren 5ean, 18:30ean zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 30ra arte egonen da ikusgai.

Imagen

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!