Epaiak gizartean "sekulako frustrazioa" eragin duela uste du Foro Sozial Iraunkorrak. "Frustrazio honek arriskuan jartzen du alderdien, sindikatuen, jendarte zibilaren eta Nafarroako Gobernuaren artean eraikitzen ari garen errail zentralaren lana". Foro Sozialak uste du Nafarroan hasi berri den legealdia “elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duena" izango dela.
"Guztion artean egiten ari garen lan honek indarkeria zikloaren ondorioen konponbidea du helburu, elkarbizitza demokratikoan oinarritutako etorkizun bat indartze aldera, betiere indarkeria mota guztietako biktimekiko eta partekatutako memoriarekiko begirunez", erantsi du.
"Etsipenean" ez erortzera deitu du: "Ikuspegi luze batekin egindako hausnarketek baldintzak egon badaudela adierazten digute. Egoerak eskatzen duen mailan jardun behar dugu denok, eta baldintza horiek baliatu. Politika hauek guztiak indartzeko eta azkartzeko garaia da, bai erakundeen aldetik, bai jendarte zibilaren aldetik".
Aitzitik, Foro Soziala jakitun da "gatazka ukatzen duen pisu handiko sektore bat" dagoela Nafarroan: "Hala eta guztiz ere, epai honek gazteentzat eta bere senideentzat suposatzen duena aintzat hartuta, oso argi dugu Nafarroako jendartearen gehiengoak, alderdi politiko gehienek eta sindikatu guztiek elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna nahi dutela". Ildo horretan, "atzera begiratuko duen etorkizuna" babestu du foroak, "bakea eta giza eskubideen kultura batean gainean eraikiko dena. Hori da etorkizuna duen alternatiba bakarra; bestea iraganean ainguratzea izango litzateke".
Iritzia ematea saihestu du Foroak
Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan lantaldeak auziari buruzko bere iritzia eman zuen 2016ko urriaren 4an, Nafarroako Parlamentuan antolatu zen indarkeria mota desberdinetako biktimen arteko saio batean. Orduan, gertatutakoa gaitzetsi eta gau hartako borrokaldia hartzen ari zen dimentsioengatik kezka azaldu zuen, Iruñeko epaitegi arruntean epaitu behar zela adieraziz.
Hortik aurrera, Foro Sozialak Altsasu auziari buruzko iritzia ematea saihestu egin duela adierazi dute ohar bidez: "Luze hausnartutako jarrera izan zen hau, gure lan eremua indarkeria ziklo luzearen ondorioen konponbidea baita, eta 2019ko urriaren 15ean geratutakoak ziklo horrekin ez zuela zerikusirik uste genuen". Uztailean, berriz, Altsasuko gazteen gurasoekin batera egindako agerraldi batean, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak neurrigabeak zirela adierazi zuten. "Foro Sozialaren lana ez da beste aktoreen iritziak baloratzea edota epai judizialen aurrean jarrera hartzea, baina argi dago uztailean adierazitako nahiak errealitate egoskorraren aurka egin duela talka", argitu dute.