UGT pozik agertu da gobernuaren erabakiarekin

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 22a, 14:48

"Adostasun politiko eta sindikal zabala" galdegin du sindikatuak euskararen beste balorazio bat sortzerako orduan.

UGT sindikatua "pozik" agertu da Nafarroako Gobernuak epaiari helegiterik ez jartzeko hartutako erabakiarekin, eta exekutiboari eskatu dio "adostasun politiko eta sindikal zabala bilatzeko funtzio publikoan sartzeko meritu gisa euskararen beste balorazio bat sortzeko orduan".

Sindikatuak ohar bidez azpimarratu duenez, dekretua inpugnatzeko arrazoia ez da izan "euskara merezimendu gisa baloratzearen aurka egotea; baizik eta, aurreko gobernu nazionalistak sartutako balorazio-baremoen aurka izatea, bai lekualdatze-lehiaketetan, bai lehiaketa-oposizio bidezko sartze-prozesuetan".

UGTren ustez, "dekretuak sortzen zuen diskriminazioaren adibide argia 110 zeladore lanpostu betetzeko deitutako oposizio-lehiaketa da". "Hamar urte baino gehiago LEP deialdirik egin gabe igaro direnez, hautagai gehienek administrazioan emandako zerbitzuei eta egiaztatutako prestakuntzari esleitutako merezimenduengatiko puntu guztiak osatu dituzte, eta berdintasun hori sartutako euskararen ezagutzaren edo ez-ezagutzaren puntuazioagatik baino ez zen desorekatzen". 

"Beraz, euskaragatik punturik ez dutenek, praktikan, ez zuten plaza lortzeko inolako aukerarik. Eta gauza bera gertatzen zen gaur egun martxan dauden osasun-postuen gainerako deialdietan. 396 lanpostutarako hamabi deialdiez eta milaka hautagaiez ari gara ", azaldu du sindikatuak.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak "UGTren argudioak erabat babesten" dituen epaiaren ostean, sindikatuak Foru Gobernuari eskatu dio "indar politiko eta erakunde sindikal guztiekin negozia dezala euskararen balorazio berri bat funtzio publikoan sartzeko meritu gisa, Nafarroako errealitate linguistikoa kontuan hartuko duena eta herritar gehienak diskriminatzen ez dituena".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!