Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak mozio bat errefusatu du, foru gobernuari eskatzeko "administrazio publikoetan, haien erakunde autonomoetan eta menpeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren aurka emandako epaia errekurritzeko, legealdi honetarako akordio programatikoak aldarrikatutako gizarte eta lurralde kohesioaren defentsan jarduteko, baita hizkuntza eskubideei dagokienez ere".
Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoekin atzera bota dute ebazpena; Geroa Baik, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, alde bozkatu dute, eta Ahal Dugu abstenitu egin da.
Ezetsitako mozioak bigarren puntu bat jasotzen zuen, eta, bertan, foru exekutiboari dei egiten zion "euskararen ezagutza beste hizkuntzen ezagutzaren azpitik inoiz ez baloratzeko erabakia hartzeko, eta horrek eskatzen duen euskarri juridikoa emateko". Geroa Bairen, EH Bilduren eta IEren babesa ez da nahikoa izan aurrera ateratzeko.
Era berean, hirugarren atal batean, Nafarroako Parlamentuari eskatzen zitzaion "euskararen lege berri bat onartzeko prest egoteko, herritar guztien eskubideak bermatuko dituena eta zonifikazioa gaindituko duena". Navarra Sumak eta PSNk kontra bozkatu dute, Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu alde, eta IE abstenitu egin da.
Zioen azalpenean, EH Bilduk bultzatutako ebazpenak "atzerapauso handitzat" jotzen du epaia, eta "erabat murriztailea" den ikuspegi batean kokatzen du, "baita egun indarrean dagoen euskararen legeak helburutzat ezartzen duen sustapen politikaren kontrakoa ere".