ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, EHNE eta CGt sindikatuek gaitzetsi egin dute Euskararen Foru Dekretuaren zenbait artikulu deuseztatu duen Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaia, eta dei egin dute larunbaterako Kontseiluak antolatu duen elkarretaratzean parte hartzera.
Epaiak nafarren eskubideak urratu egin dituela eta aurreko gobernuak euskararen arloan egindako urrats apalak atzera bota dituela salatu dute. "Ezin onartuzkoa da administrazio publikoan hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzea. Horrelako ekintzak, hizkuntz eskubideen berdintasunaren aurkakoak, ez dira inola ere onargarriak; euskarak, bertako hizkuntza minorizatua denez, babes legeak behar ditu, diskriminazio positiboa, eta ez bigarren mailako hizkuntza gisa hartzeko baliabiderik", adierazi du Steilas sindikatuko Araceli Montesek.
Horren aurrean, Nafarroako Gobernuari eskatu diote epaiari helegitea jar diezaiola eta legeak ematen dituen baliabideak erabil ditzala dekretuan jasotako euskararen aldeko aurrerapauso oro babeste aldera.
Epaiak euskararen lege berri baten beharra agerian utzi duela uste dute sindikatuek, haien hitzetan, foru lege maila duen testu berri batek bakarrik ezabatu baitezake zonifikazioa, eta euskaldunen eskubideak bermatu. "Horrela soilik, oraingo lege esparrua gaindituz, Nafarroak berezko duen hizkuntza arautu ahal izanen du, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatuz. Bertzela, gaitzetsi dugun epaiaren kasuan bezala, epaitegiek ikuspuntu arras diskriminatzaileei eutsiko diete, eta gure hizkuntza arautzeko ahalmena zalantzan geratuko da".
Azkenik, Navarra Sumaren eta PSNren zein UGT, Afapna, Sindicato Medico eta Satse sindikatuen jokaera salatu dute, euskara "behe-mailako" hizkuntza gisa ulertzen baitute, eta "mendialdera edota etxe barrura" mugatu nahi baitute, "jendartean onik eta estimaziorik jaso gabe".