Paul Bilbao: “Hizkuntza eskubideak legez blindatu behar ditugu epaileen menpe egon ez daitezen”

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 1a, 13:34

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak ez du sorpresaz harrapatu Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia. “Esana genuen herritarrak eta hizkuntza eskubideak hobeki blindatu behar zirela” adierazi du Euskalerria Irratian Bilbaok “gaur egungo lege markoak horrelako epaiak ahalbidetzen ditu. Euskararen Lege berria behar dugu hizkuntza eskubideak epaitegien menpe ez izateko”.

Euskararen dekretuaren kontra gaur publiko egin den sententzia kolpe gogorra dela aitortu du Paul Bilbaok, “hizkuntza eskubideen bermean ondorioak ekarriko ditu”. “2.000. urtetik honat UPN-k nahi izan zuen bezala, sententzia honek euskara ikusgabe bihur dezake zonalde mixto eta zonalde ez euskaldunean” azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak. “Euskarazko publikazio, inprimaki, dokumentazio, kartel edo ta seinaleak izatea, administrazio bakoitzean agintean denaren borondatera geratuko da hemendik aurrera” adierazi du Bilbaok, “ez du euskara debekatzen, bainan ez du elebitasuna derrigortzen”. Honela, “herritarroi dagokigu hemendik aurrera, gure udal eta gobernuei, euskarazko komunikazioak eta publikazioak eskatzea, euskara ikusgabe bihur ez dadin” esan du Paul Bilbaok.

 

UGT-ren papera

Euskalerria Irratian egindako lehendabiziko adierazpenetan, Kontseiluko idazkari nagusia kexu azaldu da UGT-k prozesu honetan hartutako paperaz. Nafarroako Auzitegi Nagusiak publiko egindako epaia, UGT sindikatuaren izenean Juan Jose Lizarbek euskararen dekretuaren kontra aurkeztutako helegitearen ondorioa da. “Harritzen nau noraino jo duen UGT-k” esan du Bilbaok “langileen eskubideen defentsa gainditu eta euskararen erabilera bera ere bertan behera uztea eskatu du helegitean”. Elkarbizitzan atzerapauso handia suposatzen duela salatu du Bilbaok. “Zertan eragiten dio langile bati administraziotik jasotzen duen dokumentazioa, publizitatea, seinaleak edo ta ibilgailuen errotulazioa elebiz izatea?” bukatu du Paul Bilbaok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!