Espainiako errege erreginak gobidatzeko eskatu dio parlamentuak Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 19a, 18:17

Navarra Sumaren aldeko botoekin eta PSN eta Geroa Bairen abstentzioekin onartu dute ebazpena.

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren aldeko botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “errege-erreginak eta Vianako eta Asturiasko printzesa gonbida ditzan antolatzen dituen protokolozko ekitaldietara eta, bereziki, Vianako Printzea saria emateko ekitaldira”.

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Parlamentuaren “atxikimendua, errespetua eta leialtasuna adierazten du Estatu Konstituzionalarekiko eta honen erakundeekiko”. PSNk aurkeztutako ordezteko zuzenketa baten bidez txertatu da atal hau, Navarra Sumak onartuta. Geroa Bai abstenitu egin da eta EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak argudiatzen du Espainiako erregeen eta Asturiasko printzesaren presentzia “adeitasun instituzionalaren adierazpide bat izateaz gain, Estatuarekiko eta Konstituzioarekiko leialtasun-adierazpide bat ere bazela”. Zehazki, errege-erreginak edo Vianako eta Asturiasko printzeak Vianako Saria emateko ekitaldian egoteak –hori horrela izan da saria 1990ean sortu zenez geroztik– sari horri “ospea emateko eta foru erkidegotik kanpoko hedabideetan oihartzuna izateko balio izan” duela aipatzen da.

Horregatik, sustatzaileek ohitura hau berreskuratzeko deia egiten dute, Gobernuari eskatuz errege-erreginak eta Vianako eta Asturiasko printzesa gonbida ditzan antolatzen dituen protokolozko ekitaldietara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!