Presoen babes taldeetan aritzea egotzita auzipetuta dauden beste 46 lagunekin epaituak izanen dira Karrera eta Villegas. Astelehenean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bihar, manifestazio nazionala egingo da Bilbon, 17:30ean.
Euskal presoen inguruko abokatu eta elkarteen aurkako hainbat operazio eta ekinbide judizialen batura da 11/13 sumarioa, 2013ko irailean hasitakoa: hemezortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Herrira-ren kontrako polizia operazioan. Eneko Villegas izan zen atxilotuetako bat. "Ekartasuna kolpatu nahi dute, eta presoen sostengua kontra jo. Preso eta iheslarien kolektiboa isolatu nahi izan zuten".
Ondoren iritsi ziren bitartekarien, abokatuen eta Etxerat-en eta Jaiki Hadiren kontrako sarekadak. "Aintzinako makrosumarioen" tankera hartzen dio Jaione Karrerak auziari. Lehen operazioa egin zutenean, bi urte ziren ETAk jardun armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenetik. "Beste eszenatoki bat irekitzen ari zelarik, uste genuen alde batera utziko genituela halakoak, baina ikusten dugu ezetz".
2015ko urtarrilean atxilotu zuten Karrera. Atxilotu hitza nabarmendu nahi izan du: "Epaitegietan egiten dugu lan, oso lokalizaturik gabe, erraz asko zitazio batekin aurkeztu gintezkeen eta gure burua berme guztiekin defendatu. Operatibo ikusgarri bat nahi zuten".
Denera, 601 urteko espetxe eskaera egin du Fiskaltzak, inhabilitazio eta isun eskaerez gain.