Geroa Baik Koldo Martinez proposatu du Nafarroako senatari autonomikoa izan dadin

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 12a, 07:33

Ezkerrak Iñaki Bernal proposatu du Espainiako Senaturako. Bi alderdien artean akordiorik lortu ezean, Navarra Sumak eskuratuko du senatari kargua.

Nork bereari eutsiko ziotela esan; eta hala egin dute Geroa Baik eta Ezkerrak. Espainiako Senaturako nork bere hautagaitza aurkeztu du. Ezkerrak Iñaki Bernal proposatu zuen duela bi egun. Atzo, Geroa Baik iragarri zuen Koldo Martoinezen hautagaitza aurkeztuko duela Nafarroako Parlamentuan.

Eztabaida eragin du senatari autonomikoaren gaiak azken hilabetean Uxue Barkosen gobernua babesten zuten alderdien artean (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra). Apirilaren 28ko hauteskundeei begira egindako hitzarmena ez dute berdin ulertzen alderdiek; eta hortik sortu da desadostasuna.

Ezkerrak dio hari dagokiola hautagaia proposatzea, hala jaso zutelako hitzarmenean. Geroa Baik, berriz, uste du itun hori posible egin zuten baldintzak aldatu egin direla eta akordioa bera ez dagoela indarrean.

Nafarroako Parlamentuaren gehiengo soila behar dute hautagaiek. EH Bilduk eta Ahal Duguk Ezkerrako hautagaia babestuko dutela esan dute, eta, beraz, hamar parlamentariren botoak izanen lituzke. Geroa Baik, berriz, PSNrekin ados jarrita, hogei izango lituzke, Navarra Sumak bezainbeste. NA+k ere hautagaia aurkezteko asmoa agertu du. Aurkeztuz gero, Navarra Sumarentzat litzateke senataria, berdinketa izanik boto gehien jaso zituen zerrendako hautagaia aukeratu behar delako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!