Kartela birjarri dute Gogoan monumentuan

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 30a, 08:04

Atzo plaka birjarri zuten unea (Argazkia: ahotsa.info, youtube).

Uda honetan hiru eraso pairatu ditu 1978ko sanferminetako biktimen aldeko estatuak

Gogoan monumentuan behin-behineko kartela jarri du Sanferminak 78 Gogoan elkarteak. Monumentuak hiru eraso pairatu ditu uda honetan. Uztailean, hilaren 22aren eta 25aren artean, monumentuaren oinarrian zegoen plaka lapurtu zuten. Uztailaren 27an, elkarteak behin behineko kartel bat paratu zuen. Baina abuztuaren 13an, afixa hori apurturik eta zakur gorozkiz zikindurik azaldu zen. Behin-behineko beste kartel bat jarri zuten. Haatik, abuztuaren 22an berriro lapurtu zuten.

Monumentuak eta kartelak gogora ekartzen dituzte 1978ko sanferminetako eraso polizialaren biktimak, bereziki, tiroz hil zuten German Rodriguez iruindarra.

Atzoko ekitaldian, elkartearen izenean, Amaia Kowasch historialariak azaldu zuen ez diotela utziko halako erasoei erantziteari; izan ere, “gure memoria kolektiboaren parte dira, herriarenak dira, gure memoria gertukoa dira, eta pairatu duguna irudikatzen dute, baita errepresioaren, injustiziaren eta zigorgabekeriaren aurkako gure borroka ere”. Kowaschek, halaber, gogora ekarri zuen Gogoan monumentua Nafarroako Memoria Historikoaren Gune izendaturik dagoela.

Atzoko ekitaldian parte hartu zutenen artean baziren zenbait politikari. Besteak beste, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde, Geroa Baiko parlamentari Maria Solana, EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz eta Patricia Perales eta Iruñeko EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurrea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!