Hauteskundeak 2019

Osatu da Nafarroako Gobernua

Euskalerria Irratia 2019ko abu. 7a, 13:39

Kontseilarietako zortzi PSNkoak dira, lau Geroa Baikoak eta beste bat Ahal Dugu-koa.

Banan banan egin dute karguaren zina. Javier Remirezek, Bernardo Zirizak, Carlos Gimenok, Carmen Maeztuk, Juan Cruz Cigudosak eta Rebeca Esnaolak gaztelaniaz egin dute zina. Gainontzekoek elebitan egin dute. Ana Ollo eta Itziar Gomez izan dira lehenengo euskaraz zin egin duten bakarrak.

Bi presidenteorde izanen ditu Maria Txibiteren gobernuak. Bat alderdi sozalistaren esku eta bestea Geroa Bairen esku egonen da. PSNk zortzi kontseilaritza hartuko ditu bere gain, Geroa Baik lau eta Ahal Duguk bat.

 

PSN

Javier Remirez Apesteguia

FUNTZIO PUBLIKOA ETA PRESIDENTETZA LEHENDAKARIORDEA

Javier Remirez (Iruñea, 1975) abokatua da eta gaztetatik alderdi sozialistako kidea. Azken bederatzi urteetan aritu da PSNren batzorde exekutiboan. Haren ardurapean egongo da Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua. Asun Apesteguia, PSNko historikoaren semea da.

Mari Carmen Maeztu

GIZARTE ESKUBIDEETAKO KONTSEILARIA

1985etik 2000ra arte, Valtierra eta inguruko herrietako gizarte langile modura jardun zuen, eta Nafarroako Gobernura jo zuen handik. kontseilari izango den sailean aritu da azken urteetan: Gizarte Eskubideetako Departamentuan.

Bernardo Ziriza

LURRALDE KOHESIOKO KONTSEILARIA

PSNko Landa Garapeneko arduraduna izan da Bernando Ziriza (Faltzes, 1955). Parlamentari eta Faltzesko zinegotzi izana da. Azken urteotan PSNko batzorde exekutiboko partaidea izan da.

Santos Indurain

OSASUN KONTSEILARIA

Familia medikua da Santos Indurain (Uztarroze, 1959). Azken urteetan, ardura postuak izan ditu Osasunbidean, kudeaketarekin lotuak, eta irakasle modura ere jardun du. Nafarroako familia medikuen elkarteko lehendakari izan zen.

Elma Saiz

EKONOMIA ETA OGASUN KONTSEILARIA

Parlamentari ohia, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendari ohia, eta gaur egun, Iruñeko zinegotzia da Elma Saiz (Iruñea, 1975). PSOEren garaian, Espainiako Gobernuaren ordezkaria ere izan zen.

Juan Cruz Cigudosa

UNIBERTSITATE KONTSEILARIA

Biologian doktorea da, Giza Genetikan espezializatua. Giza Genomako Espainiako Elkarteko presidente izan zen. Nafarroako Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentu berriaren buru izanen da.

Carlos Gimeno

HEZKUNTZA KONTSEILARIA

Irakaslea da Carlos Gimeno (San Adrian, 1965). PSNren barruan hezkuntzari lotutako karguak izan ditu azken urteotan. Tuterako Udalean zinegotzia da.

Rebeca Esnaola

KULTURA ETA KIROL KONTSEILARIA

Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da Esnaola (Iruñea, 1975). Artxiboak kundeatzeko ikerketak eta kultura kudeaketakoak egin ditu.

 

GEROA BAI

Jose Mari Aierdi

LURRALDE ANTOLAKETAKO LEHENDAKARIORDEA

Napar Bideak kooperatiba eta Nafarroako Elikagai Artisauen Elkartea sortu zituen. Lekunberriko alkate izan zen 31 urtez (1984-2015), eta Plazaolako turismo partzuergoaren sortzaile eta buru. Orain Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilaria izango da.

Manu Aierdi

GARAPEN EKONOMIKOKO KONTSEILARIA

Alor bereko lehendakariordetza eduki du azken lau urteotan Aierdik (Donostia, 1967). Enpresa Zientziak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. EAJko kide da, eta 2012tik 2015era Nafarroa Buru Batzarreko presidente izan zen.

Ana Ollo

HERRIRARREKIKO HARREMANETARAKO KONTSEILARIA

Kazetaria da Ana Ollo (Iruñea, 1965). Ser irratian eta TVEn aritu da lanean, baita Nafarroako Gobernuko prentsa bulegoan. Departamentu berdina izan zuen bere gain azken legegintzaldian.

Itziar Gomez

LANDA GARAPEN KONTSEILARIA

Iruñeko zinegotzia izan da Itziar Gomez (Iruñea, 1965) azken hamabi urtetan. Psikologia lizentziaduna da, eta haur hezkuntzako teknikaria.

 

AHAL DUGU

Eduardo Santos

JUSTIZIA ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO KONTSEILARIA

Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi da Eduardo Santos (Iruñea, 1973). Nafarroako parlamentari hautatu zuten 2015ean, baina kargua utzi zuenizateko. Gaur egun Espainiako Kongresuko diputatua da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!