Hauteskundeak 2019

Hautagaitzarik ez oraingoz, Nafarroako presidentetzarako

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 27a, 13:19

Geroa Bai, PSN eta Navarra Sumarekin egon ostean, beste bilera erronda bat egiteko zain gelditu da Unai Hualde parlamentuko burua. 

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Uxue Barkosekin (Geroa Bai), María Chiviterekin (PSN) eta Javier Esparzarekin (Navarra Suma) bildu da gaur, Parlamentuan ordezkaritza duten talde eta alderdi politikoek izendatutako ordezkariekin egiten ari den bilera errondaren baitan, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitza bat proposatzeko helburuarekin.

Ezarritako ordenari jarraiki, ordezkari gutxien dituen taldetik hasita, Geroa Bairekin (Uxue Barkos) jarraitu du erronda, eta ordu erdiko tartearekin, Unai Hualde PSNrekin (María Chivite, Ramón Alzórriz) eta Navarra Sumarekin (Javier Esparza, José Suárez, Carlos Pérez Nievas) elkartu da.

Legebiltzarreko Lehendakariarekin batzartu ondoren Uxue Barkosek (Geroa Bai) adierazi du PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren arteko programa akordio baterako negoziazioak “ondo doazen arren, zehaztasuna falta” dela “minimoetatik haratago” doan aliantza bat osatzeko. “Momentu honetan ez dugu uste aurrera eraman daitekeenik, askoz ere gehiago egokitu behar dugu egonkortasun bat lortzeko”.

Bere alderdiari dagokionez, jarduneko Lehendakariak esan du “Geroa Baik inbestidura prozesu sendo batean lan egin nahi duela. Geroa Baik gobernu aurrerakoi eta anitz baterako lanean dihardu, baina PSNri dagokio lana bideratzea. Gehiengo hori lortzea edo ez Chiviteri dagokio”.

Maria Chivite (PSN) bestalde “oso optimista” agertu da, eta nahiz eta “oraindik ez den momentua inbestidurarako hautagai gisa aurkezteko, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek etorkizunerako programa bat eraikitzeko azaldu duten borondatea” azpimarratu du, pisu sozial handia edukiko duena, garapen ekonomikoari begiratuko diona eta elkarbizitza sustatuko duena.

“Desadostasunak eta desberdintasunak koordinatu beharko ditugu, baina gehiago dira batzen gaituzten alderdiak. Ez dugu EH Bildurekin gobernu programa bat adostuko, baina Parlamentuko egunerokotasunean batzuekin eta besteekin hitz egin beharko da. Eskuina Nafarroa erabiltzen ari da, edozein gauza egiteko gai dira boterea ez galtzeko”.

Javier Esparzak (Navarra Suma) gaitzetsi egin du interes pertsonalak gobernu konstituzionalista bat osatzeko aukeraren gainetik gailentzea, bere ustetan, “formularik onena litzateke egonkortasunerako, programa koherentziarako eta hauteskunde babesetarako. Presentzia, indar eta bidezkotasunagatik, Navarra Suma giltzarri izango da datozen legegintzaldian hartuko diren erabaki guztietan. Eserlekuen % 40 gureak dira, erabakigarriak izango gara”.

Esparzak PSN eta bere kide posibleen artean “funtsezko gaietan dauden ageriko kontraesanak” azpimarratu ditu, eta nabarmendu du bere alderdiaren eta alderdi sozialistaren arteko berdintasunak “% 80 inguru direla. Konstituzionalismoaren alternatiba den gobernu bat eserleku eta botere kontua da. Lauko gobernu abertzale eta baztertzailea hautetsontzietan garaitua izan zen. Ez du zentzurik PSNk berreskuratu nahi izatea”.

Unai Hualdek, bestalde, agerraldia egin du, adierazteko Legebiltzarreko Erregelamenduaren 174. artikuluak eskatzen dituen kontsultak burutu ondoren, ez dagoela Nafarroako Foru Erkidegoko Lehendakaritzarako hautagai bat proposatzeko moduan. “Hala adierazi diet telefonoz eledun guztiei eta hala adieraziko dut baita ere hurrengo Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean”, datorren astelehenean, uztailak 1, ospatuko den bilkuran.

Gauzak honela, “burutzen ari diren kontaktu eta negoziazioen arabera, bilera erronda berri bat egiteko itxoin beharko du Lehendakaritza honek, eledun desberdinek inbestidurarako hautagaiak komunikatzen dizkidaten arte”.

Unai Hualdek adierazi duenez, lehen erronda hau Legebiltzarraren eraketaren hurrengo hamar egunen barruan egin denez, “orain ez dugu beste berehalako eperik. Entzundako adierazpenen arabera, ez dut uste uztailaren bigarren hamabostaldia baino lehenago izango denik. Uztaila jarduera parlamentariorako hilabete baliodun gisa ezarri da, eta beharrezkoa balitz, abuztua ere ezarriko litzateke”.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 26a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!