“Zapi bat baino gehiago” kanpaina aurkeztu du gobernuak, Sanferminetan bisitariei egonaldia luzatu eta Nafarroa ezagutzera animatzeko xedez

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 20a, 18:39

Ayerdi lehendakariordeak nabarmendu duenez, festa Foru Komunitate osoarendako erakargarritasun turistikoa da.

Nafarroako Gobernuaren “Zapi bat baino gehiago” turismo-kanpaina aurkeztu du gaur Garapen Ekonomikorako jarduneko lehendakariordeak, Manu Ayerdik. Turismo eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak burutua, datozen bisitariei Sanferminetan egonaldia luzatu eta Nafarroan dauden alderdi kulturalak eta tradizio apartak ezagutzera animatzeko xedea du kanpainak. Honen beste helburu bat San Fermin marka birposizionatzea da, publiko irekiago batera helarazteko asmoz, familiak, seniorrak eta jaiez haraindiko interesak dituen nazioarteko publikoa barne harturik.

Aurkezpena Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan, Pio Baroja Aretoan, egin da ostegun honetan. Bertan ere Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari izan da.

Ekimen honekin, beste urrats bat eman da 2018ko “Ez da zapi bat soilik” kanpainarekin irekitako bidean, Nafarroa osoaz gozatzearen esperientzia nabarmenduz, izan ere, San Fermin bestak adierazpide nagusietako bat dira, baina ez bakarra.

Horrekin batera, erakundeen, sektore turistikoaren eta herritarren artean partekaturiko kontakizun berri bat garatzen jarraitu nahi da, elementu positiboak sustatuz eta, egunotan, Foru Komunitatea bisitatzeak dakartzan bestelako alderdiak ezagutzera emanez.

Kontrastea eta are kontraesana abiapuntutzat hartuz, kanpainak argi utzi nahi duena “Nafarroa espero duzuna baino askoz ere gehiago da” leloak dioena da eta, Sanferminetako jaietan bisitatuz gero, askotariko emozioak bateratzeko aukera dagoela: jaia eta lasaitasuna, hiria eta herria, kalea eta natura. Trukea, kultura eta sukaldaritza ardatz dituen lurralde honek aukera ugari eskaintzen ditu: jendeartean galdu nahiz basoan edo basamortuan elkartzea, erraldoien lurraldea ezagutu nahiz “mokadu txikiko” sukaldaritzaz gozatzea, edota kontinente guztietako pertsonekin emozioak partekatzea, parekorik ez duten tradizioen bitartez.

Hortaz, Sanferminak ez dira ospakizun hutsa; Sanferminak Iruñea dira, baita Nafarroa ere, zapi bat baino gehiago dira. Kanpaina Gravita agentziak garatu du. Honela, kanpainak Nafarroako egonaldia luzatzera eta komunitatea zeharkatzera gonbidatzen du, Sanferminak ere barne hartuz, lurraldeko ñabardura guztiez jabetu ahal izateko.

2018ko Sanferminetan bisitarien harrerari buruz egin ziren inkesten arabera, bisitarien % 63 gau bat eta hiru gau bitarteko egonaldia egiteko asmoa zuen, eta % 81ek ez zuen aurreikusia Nafarroako beste leku batzuk bisitatzea. Horren harira, garrantzitsua da turistek Iruñeko zein Foru Komunitate osoko kultura eta aisialdiko agenda zabala izatea, egonaldia luzatzera anima daitezen.

Horrekin batera, uztailean Nafarroara etortzen diren bisitarien kopurua handitu nahi da, izan ere, Sanferminek Iruñean eta Iruñerrian duten eraginaz gain, bisitarien etorrera abuztukoa baino txikiagoa izan ohi da lurraldeko gainerako eremuetan.

Hartara, kanpaina Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3) lerrokatu da, turismo integral eta iraunkorra Komunitatearen lurralde-garapen orekatuaren eragiletzat hartuz. Ildo berean, Nafarroako 2018-2025eko Turismo Plan Estrategikoak nazioartekotzearen bitartez sektore honen hazkundearen aldeko apustua egin du. Eta horretarako beharrezkoa da “Sanfermin” marka landu eta zaintzea, horixe baita nazioarteko merkatuak Nafarroari buruz duen erreferentzia nagusia, Donejakue Bidearekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!