Osatu dute parlamentariek Nafarroako legebiltzarreko mahaia. Akordiorik lortu gabe iritsi dira osoko bilkurara PSN eta Geroa Bai; sozialistek presidentetza zeini utziko zioten argitu gabe. Bigarren itzuliko bozketan, Geroa Baiko Unai Hualderen alde bozkatu du PSNk. EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren babesa ere jaso du: 30 bozka. Aurkari Navarra Sumako Iñaki Iriarte zuen, 20 boto eskuratu ditu Iriartek.
Honakoek osatuko dute legegintzaldi berrian Nafarroako Parlamentuko Mahaia:
- Presidentea: Unai Hualde (Geroa Bai)
- Lehen lehendakariordea: Inma Jurio (PSN)
- Bigarren lehendakariordea: Yolanda Ibañez (Navarra Suma)
- Lehen idazkaria: Juan Luis Sanchez de Muniain (Navarra Suma)
- Bigarren idazkaria: Maiorga Ramirez (EH Bildu)
Nafarroako Parlamentutik egin du zuzeneko kontakizuna Maialen Huartek:
Lehendakariordeak hautatuko dituzte orain. UPNk Yolanda Ibañez aurkeztu du eta PSNk Inma Jurio. Biak aterako direla ematen du
— Maialen (@maialen_huarte) 19 de junio de 2019
Lehenengo bozketan, Iñaki Iriartek (Navarra Suma) 20 boto lortu ditu, bere taldearenak. Unai Hualdek (Geroa Bai) 16, bere formazioa eta EH Bildurenak. Inma Juríok (PSN) 11 boto lortu ditu eta beraz, behin betiko bozketatik kanpo gelditu da.
Inmaculada Jurío (PSN) lehen presidenteordea hautatu dute 23 aldeko botorekin, PSNren 11, Geroa Bairen 9, Podemos-Ahal Duguren 2 eta Izquierda-Ezkerraren 1. Yolanda Ibáñez (Navarra Suma) bigarren presidenteordea hautatu dute 20 aldeko botorekin, bere talde osoaren botoekin. 7 boto zuri egon dira, EH Bilduri dagozkionak.
Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma) idazkari nagusi hautatu dute, 20 boto jaso ditu, bere taldearenak. Maiorga Ramírez (EH Bildu) bigarren idazkari hautatu dute, 17 botorekin, Geroa Bairen 9, EH Bilduren 7 eta Izquierda-Ezkerraren 1. Ganberako idazkari izateko Ainhoa Unzu (PSN) ere aurkeztu da, eta bere taldearen botoak jaso ditu, 11. 2 boto zuri egon dira, Podemos-Ahal Duguri dagozkionak.
Hasieran Ganbera eratzeko saioa Koldo Martínez Urionabarrenetxea (Geroa Bai) gidatu du, parlamentari helduena baita, eta Lehen eta Bigarren idazkariak Alberto Bonilla Zafra (Navarra Suma) eta Carlos Mena Blasco (PSN) izan dira, bi gazteenak. Hiru horiek Parlamentuaren Mahaia hautatu arte jardun duen Adineko Mahaia osatu dute.
Hualderen lehen hitzak
Nafarroako Parlamentuko lehendakari berri gisa egin duen lehenengo hitzaldian, Unai Hualdek eskerrak eman ditu Legebiltzarreko lehendakaritza berari emanez eskaini zaion konfiantzarengatik, eta 2015ean hasitako “aurrerapauso sozial sakonen garaiari jarraipena emateko” asmoa adierazi du.
“Lurralde honen aniztasunaren aitorpenaren eta aurrerapausoen dinamikan sakontzen jarraitzeko eginkizuna arduraz onartzen dut. Hemen zaudeten guztiei, jakin ezazue uste sendodun pertsona naizela, zuhurra, elkarrizketa gustuko duena eta akordioak bilatzearen aldekoa, gaurko bilkuran ikusi ahal izan den bezala”.
Hualdek, amaitzeko, “aitortza zintzo eta sakona adierazi die konfiantza beregan jarri duten Ganberako kideei, baita egin ez dutenei ere. Hutsik ez egitea espero dut”.
Gonbidatuen zerrenda
Deialdiak duen garrantzia eta izaera instituzionala dela-eta, Nafarroako Parlamentua osatzeko saioan estatuko erakundeetako ordezkari gorenak, agintari nagusiak eta Foru Komunitateko gizarte esparruetako ordezkari ugari egon dira.
Bertaratu direnen artean hurrengo hauek egon dira: Javier Gómara eta Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiak, Alfredo Irujo, Nafarroako Kontseiluko Lehendakaria, Francisco Javier Enériz Arartekoa, Sergio Sayas, Carlos García Adanero, Santos Cerdán, Conchi Ruiz eta Jone Belarra, Nafarroatik Kongresurako Diputatuak, Alberto Catalán, Senatari eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakari ohia, Amelia Salanueva, Ruth Goñi eta Antonio Magdaleno, Nafarroako Senatariak, Idoia Villanueva, Foru Erkidegoko Senataria, Asun Olaechea, Kontuen Ganberako Lehendakaria, José Luis Arasti, Espainiako Gobernuko Ordezkaria Nafarroan, José Antonio Sánchez -Villaré, Foru Erkidegoko Fiskal Nagusia.
Ramón Gonzalo García, NUPeko errektorea, Alfonso Sánchez-Tabernero Nafarroako Unibertsitateko errektorea, Carlos Aparicio Azcárraga, Nafarroako Komandante Militarra, Alejandro Toquero, Tuterako alkatea, Lucía Echegoyen, Zangotzako alkatea eta Maite Garbayo, Erriberriko alkatea.
Chechu Rodríguez, CCOOko idazkari nagusia, Jesús Santos Pérez, UGTko idazkari nagusia, Ignacio Ugalde, ANEL, Imanol Ibero, EHNEko lehendakaria, Javier Taberna, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria, Celia Pinedo, Nafarroako GKEen Koordinadorako Lehendakaria, Mikel Aguirre, Nafarroako UNICEF eta Inés Arrimadas diputatua.
Miguel Laparra, Eskubide Sozialetako jarduneko kontseilaria, Mikel Aranburu Ogasun eta Finantza Politiketako jarduneko kontseilaria, María José Beaumont, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako jarduneko kontseilaria, Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako jarduneko kontseilaria, Isabel Elizalde, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako jarduneko kontseilaria.
Inbestidura prozesua
Ganbera osatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko hurrengo lehendakariaren inbestidurarako epeek aurrera egiten dute. Zehazki, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren Presidenteak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.
Horretarako, datorren astelehenean, hilak 24, 10:00ean Mahaiak eta Eledunen Batzarrak eginen duten bilkuran egutegia onetsi beharko dute, eta haren arabera Parlamentuko Presidente berriak kontsulta txanda bat hasiko du.
Txanda amaitu ondoren, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak hautagaia proposatuko dute eta Osoko Bilkura deituko dute.
Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 26a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.