Urtebete da Altsasuko Iñaki Abad, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Julen Goikoetxea bigarrenez atxilotu zituztela

Euskalerria Irratia 2019ko eka. 5a, 19:46

Altsasuko Gurasoak taldeak egoera "jasanezina" salatu du eskutitz baten bidez.

Bidegabekeria urte eta km pila

Izu-uneak bizi izan genituen berriz duela urte bat. Bigarren atxiloketaren bezpera eguna zen, astelehena. 2018ko ekainaren 4ko arratsalde horretan, kalez jantzitako agenteak gure seme-alabak jarraitzen eta izutzen ibili ziren. Gau beltz-beltza pasa genuen, simaren barrena bezain beltza. Hurrengo egunean, Informazio Zerbitzuko Akzio Azkarreko 88 agente eta 27 ibilgailu Altsasura iritsi ziren Auzitegi Nazionaleko Auto Judiziala betez, aske gelditzen ziren gure seme-alabetako lau atxilotzera. Larritasuna, babesgabetasuna, beldurra. Halako despliegea, zertarako? Nahikoa izango zen zitazio bat bidali izan balute boluntarioki aurkeztuko zirelako, aurreko urte eta erdian zehar astean bitan egin zuten bezala. Madrilera eraman zituzten, bridekin lotuta. Berriz ere espetxeko mundu zoroan murgildu ginen.

Kartzelan dauden zazpi gazteetako hiruk 900 egun baino gehiago daramatzate barruan; azkar esaten da: 2016ko azaroaren 14az geroztik. Beste lauak, berriz, 400 egun baino gehiago. Eta, bitartean, hemen gaude. Urtebete pasatu da eta egunetik egunera mingarriagoa zaigu egoera hau. Jasanezina egiten zaigu, gure seme-alabak errugabeak direlako kondenatuak izan diren inputazioengatik. Eta, besteak beste, ez zaielako errespetatu Konstituzioaren 24. artikuluak agintzen duen epaile arrunta izateko eskubidea. Eta, garantia guztiekin epaiketa bat izateko eskubidea? Eta, Errugabetasun Presuntzioa eta Ohorerako eskubideak ez al zaizkie lehenengo momentutik urratu tirada handiko egunkarietako azaletan gure seme-alaben argazkiak kriminal arriskutsu gisa publikatu zituztenean?

Hasieran guztia zen terrorismoa. Bi urte eta erdi geroago, bi sententziek baztertu dute terrorismo delitua. Zoritxarreko gau horretan jazo zena planifikatua izan zela zioten akusazioek, baina inoiz ezin izan dute frogatu, gure seme-alaben artean ez baitzen telefono deirik izan gau horretan. Hala eta guztiz ere, Audientzia Nazionaleko sententziek jipoi basati bateko erasotzaileak direla diote, baina eraso bortitz horren arrastorik ez dago mediku partean jasotako lesioetan, ez eta epaiketan 56 testiguk eta 11 perituk emandako azalpenetan. Arbitrarioki baztertu dituzte, gainera, azalpen horiek. Eta hori ez da guztia, zigorrak handitu dizkiete, diskriminazio ideologikoaren astungarria aplikatuz. Diskriminazioa: nork nori?

Zer dela eta tematu dira hainbeste? Zer dela eta horren beste fake news? Zeinek ateratzen du etekina? Errugabeak kartzelaratuz zertan hobetu du gure gizarteak?

Gure seme-alabak ez dira heroiak, matiriak izatea ere ez dugu nahi, baina egun, argi eta garbi dagoena zera da, biktimak direla. Badakigu injustizia asko dagoela, ez gara bakarrak. Gure gizarteak asko hobetu beharra dauka, eta kasu zehatz honetan, gure mutilak aspaldi egon beharko lirateke etxean. #AltsasukoakAske #freeAltsasu

Egunak hilabete bilakatzen dira.
Euri asko egin du.
Lana, horren astuna!
Badakit;
Fruituak ontzen direnean, hurbiltzen dira.
Guztia bukatzean;
lehen baino hobea eta ederragoa izango da.
Ortzadarrarekin itzuliko zarete.

                                                    Sinadura: Altsasu Gurasoak. “Altsasu auziko” gazteen gurasoak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!