Hauteskundeak 2019

Laura Jimenez: "IEk bermatzen du aldaketaren izaera soziala"

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 21a, 12:24

Laura JImenez Izquierda Ezkerrak foru parlamenturako aurkezturiko hautagai zerrendako laugarrena da. Lehen euskalduna. Laukoak gehiengo osoa errepikatuko duela uste du, eta ez da PSNz fio, "iraganean ez dutelako ausardiarik izan ezkerrera egiteko". Ez luke EH Biludri betoa ezartzea onartuko. Eta Euskararen Legea aldatzeko prest azaldu da, baldintza zenbaitekin.

Jimenez baikor azaldu da maiatzaren 26ra begira. Gobernua sustengatu duten lau indarrek gehiengo osoa errepikatuko dutelakoan dago. Apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzen eragina ez ei da handia izanen: “Hauteskunde ezberdinak dira. PSN jaitsiko da. Jendeak badaki hemen zer egiten duen. Guk emaitzak hobetuko ditugu”.

Apirilaren 28ko hauteskundeetan, IE eta Ahal Dugu elkarrekin aurkeztu ziren. Beste erkidego batzuetan ere hala aurkeztuko dira. Foru hauteskundeetan ez. Jimenezen aburuz, “hori ez da nahasgarria izanen boto-emaileek ongi ezagutzen baitute IEk egiten duen lana, gertuko erakundeetan esperientzia handia dugu: emaitza onak lortuko ditugu”.

Jimenez ez da PSNren fio; izan ere, “iraganean ez dute ausardiarik izan ezkerrera egiteko”. IEk ez luke onartuko EH Bilduri betoa ezartzea. Eta Jimenezi ez zaio “ulergarria” iruditzen PSN prest azaltzea Voxen aldeko botoekin iristeko lehendakaritzara. “PSNk dio ezkerra direla, baina IE da benetako ezkerra”, gaineratu du.  

Euskararen Legea aldatzeko prest

Jimenez pozik azaldu da laukoak sustengaturik gobernuak egindako lanarekin: “Akordio programatikoan aniztasuna eta behar sozialak azpimarratu dira eta bereziki guregatik gertatu izan da hori”. UPNk eta PSNk oposizio identitarioa egin dute, “baina ez dute arrakastarik izan, jendeak badakielako hori gainditu egin dugula”.

IEko hautagaiaren ustez, laukoak desadostasunak “ongi” kudeatu ditu: “Desberdinen artean ez gara beti ados izan, baina jakin dugu ongi moldatzen”. Prest azaldu da hurrengo legealdian Euskararen Legea aldatzeko, “baina beti ere herritar guztien hizkuntza eskubideak, askatasuna eta tokian tokiko errealitate sozioluingtuistikoa aintzat hartuz”. “Euskara gure hizkuntza da eta tokian tokiko errealitatera egokitu behar da, nafarren borondatea errespetatuz, herritarren aniztasuna hartu behar dugu kontuan” , gaineratu du.

Inbertsio sozialak %50 handitu dira

IEk proposaturik egin zuten Miguel Laparra kontseilari. Jimenez dio haren lana “bikaina” izan dela: “Inbertsio soziala %50 igo da urte hauetan, eta hori gobernuaren lanaren ardatza izan da”. Oro har, Nafarroan egun duela lau urte baino hobeki bizi dela ere nabarmendu du: “Errenta, ekonomia hazkundea, berdintasuna, kohesioa, ezberdinen arteko elkar ulertzea. Horietan guztietan aurrera egin dugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!