Heldu den legealdian hezkuntzan "aldaketatik eraldaketara pasatu beharra" aldarrikatu du Lab sindikatuak

Heldu den legealdian hezkuntzan "aldaketatik eraldaketara pasatu beharra" aldarrikatu du Lab sindikatuak

“Gauzak egin dira. Zenbait gauza aurrera atera dira. Baina ez guk nahi genituen guztiak, eta ez guk nahi genuen moduan. Beraz, aldaketa prozesu batean kokatua, azken lau urteetakoa ez-nahikoa izan da”, halaxe laburbildu du Alberto Goikoa LAB Irakaskuntzako ordezkariak Nafarroako azken legealdiak Hezkuntza alorrean ekarri duena.

Bukatzear den legealdi honetan, Nafarroako eztabaida politikoaren erdi-erdian egon da Hezkuntza. Edo erdi-erdian paratu dute batzuek, Hezkuntza -eta horri lotuta, euskara- erabili baitute aldaketaren Gobernuaren kontra egiteko. Alberto Goikoaren ustez horrek eragin handia izan du Gobernuarengan, gauzak egiteko ala ez egiteko, edo egiteko moduetan. “Hezkuntza Departamentuak bertigo handiz funtzionatu du eta horrek ekarri du aldaketa ez ailegatzea guk nahiko genituzkeen parametroetara”.

“Bertigo hori gainditu behar du Gobernuak”, adierazi du Goikoak. “Eta hurrengo legealdian hurrengo Hezkuntza Departamentuari exijituko diogu aldaketa behingoz finkatzeko, eta aldaketatik haragoko eraldaketa prozesu bat abiatzeko, Erregimen zaharreko alderdien presioek sorturiko beldurrak alde batera utziz eta gauzak kontzientziaz eginez”.

Legealdiaren balantze zehatzagoa eginez, Nora Salbotx Nafarroako LAB Irakaskuntzako arduradunak aipatu du ontzat jotzen dituztela ratioetan egon ziren jaitsierak. Legealdi hasieran UPNren murrizketei buelta eman eta Haur eta Lehen Hezkuntzan 27tik 25era jaitsi baitzen ratioa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 32tik 30era eta Batxilergoan 35etik 33ra. “Ezin da ukatu murrizketen aurreko egoerara itzultzea hobekuntza izan zela”, azaldu du Salbotxek. “Baina ez-nahikoa da. Hezkuntza kalitatearen parametroetan oraindik ere gehiago sakondu behar dugu ratioen jaitsiera horretan. Eta ildo horretan aipatzekoa da abuztuan sindikatu gehien-gehienok sinatu genuen Hezkuntza Itunean badagoela konpromiso bat -LAB asko borrokatu zen esaldi hori hor egon zedin- erraten duena ratio horiek pixkanaka-pixkanaka murriztu behar direla”.

Hezkuntza Ituna eta zerrenda bakarra

Hezkuntza Ituna lortzea izan da gai izarretako bat legealdi honetan, Salbotxek esplikatu duenez. “Ituna guretako erronka zen. Aldaketa instituzionala Nafarroara ailegatu zelarik lehen momentutik mahai-gainean jarri genuen eta LABen apostua izan zen itun berria lortzea. 2011tik ez baitzegoen itunik -guk ez genuen sinatu- eta gainera azken horretatik ez zituzten gauza asko bete. Indar handia egin dugu itun horren alde. Eta azkenean lortu zen, eta horrekin batera hobekuntza anitz”. Hiru alor baino ez aipatzearren, Itunak ekarri du heldu den ikasturtean irakasle guztiek murrizketen aurreko lanaldia izatea, landa eremuko eskolen egoera hobetzea, eta Lanbide Heziketako eskaintza doitzea.

Legealdiaren erdian bertze gai izar bat izan zen: zerrenda bakarra. Baina hark ez zuen bukaera alairik izan. Erregimen zaharreko alderdiek eta Ezker Batuak lege bat atera baitzuten euskaldunak baztertzen dituen zerrenda segregatuen sistemari eusteko. Dena dela, Salbotxek dio “balorazio positibo samarra” egin daitekeela borroka haren gainean. “Zerrenda bakarra LABen bandera bat zen eta lortu genuen gaia agenda politikoan kokatzea. Borroka duina egin zen, eta jendeak ulertu zuen zein den gure aldarria, ulertu zuen zein puntutaraino bizi garen irakasle euskaldunok bazterkeria egoera batean kontratazioari dagokionez”.

Gainera, porrota ez zen erabatekoa izan. “Ezarri den esleipen telematiko berriari esker, hein batean, modu birtual batean, zerrenda bakarra lortu da. Lege bidegabe horrek behartuta irakasle euskaldunak bi oposizio prozesutatik pasatu behar dira, baina behin hori eginda, sistema berriak aukera ematen die euskarazko edo gaztelaniazko lanpostuak hautatu ahal izateko”.

Segregazioen aurkako borrokan zein eskola berria iruteko bidean, LABek makina bat arlotan egin du lan azken lau urteetan, eta egitasmo andana atera ditu aurrera: 8 oro buletina, sexu heziketari buruzko gida, Jantokitik jangelara proposamena, Plaza Hutsa... Eta halaxe egiten segituko duela berretsi du Salbotxek. “Eskola publiko komunitarioa behar du herri honek. Plurala, feminista, herritarra, burujabea, eta euskalduna, eta Nafarroatik Nafarroara eraikia, Madrilgo esku-hartzerik gabe”.

“Asko eta asko dugu egiteko oraindik”, gaineratu du Mikel Lizasok. LAB Irakaskuntzako komunikazio arduraduna da Nafarroan. “LAB lehen indarra da Nafarroako Hezkuntza publikoan eta iruditzen zaigu datorren legealdiari begira ona litzatekeela LABek posizio horri eustea, orain arte egin duen ekarpenengatik eta aurrera begira dituen asmoengatik”.

Ohiko sindikalismo eredutik harago, LABek “sindikalismo eraikitzailea” egiten duela eta egiten jarraituko duela adierazi du Lizasok. “Bidegabekerien salaketa aktiboa egiten dugu, kalean ari gara borrokan, baina hortik harago ere oso proposamen zehatzak egiten dizkiogu hezkuntza komunitateari edo administrazioari”.

Bi adibide eman ditu Lizasok eredu horren erakusgarri. “Adibidez, segregazioen aurkako borrokan, hizkuntzen araberako bazterkeria gainditzeko, programa eleanitza proposatzen dugu; proposamen hori landua dugu, eta Administrazioari helarazia. Edo ikasgeletara berrikuntzak eramateari dagokionez, Administrazioari dagoeneko ezagutarazi diogu Qualitate deitu dugun egitasmo bat, langileen egonkortasuna, formakuntza eta garapen profesionala modu integralean lantzea proposatzen duena”.