Laukoa berritzearen alde azaldu da Uxue Barkos

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 6a, 13:59

2015ean jarritako helburuetako asko erdietsi dituztela adierazi du presidenteak, azken lau urteotako balantzean.

Kontent azaldu da Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria lau urteotako balantzea egiterakoan. Haren ustez, erdietsi dira 2015ean jarritako helburuetako asko: erakunde publikoak eta politikoak egonkortu egin dira eta erakutsi da erregimenaz gainerako beste formulak badaudela gobernatzeko. "Laukoa osatzeak erakutsi du formula baliagarria dela desberdinen arteko akordioa herritarren beharrak ase eta egonkortasuna txertatzeko".

Lehendakariaren ustez, aldaketak egin beharreko asko gelditu dira bidean. Horregatik, laukoak maiatzaren 26tik aurrera errepikatu beharko lukeela uste du Uxue Barkosek: "Zalantzarik gabe". Hala ez balitz, indar aurrerakoien batzeak egin beharko luke.

Alderdi sozialista ikusten ote duen alderdi progresisten artean galdetuta, galderaren formula bestelakoa beharko lukeela uste du Barkosek: PSNk ikusten ote duen bere burua aurrerakoiekin. Esan du "tamalez" azken lau urteotan ez du halakorik erakutsi alderdi sozialistak.

Lau urteotako balantzean, departamentuz departamentu egindakoak aipatu ditu Barkosek. Enpleguari dagokionez, lehendakariaren ustez apirileko datuek erakusten dute hazkundearen bidea hartua duela Nafarroak. 2015etik 32.050 lanpostu sortu dira, enpresak erakarri dituzte eta esportazioek ere gora egin dute.

Gizarte gaietan, krisiak kolpatutako herritarrak aipatu ditu. Horiei eman zaien arreta, eman zaizkien baliabideak nabarmendu ditu. Gizarteratze errenta, mendekotasunari eskainitakoa edota pentsio txikienei osagarrien bidez emandako laguntza izan ditu hizpide.

Berdintasun Legea eta INAI institutuaren berreskuratzea, Bake eta Elkarbizitzak egindako lana, Memoria Historikoan egindakoa, Euskarabideari emandako bultzada, Hezkuntzan lortutakoa, Osasun alorrean inbertitutako mila milioi euroak edota Kulturan eta Landa Garapenean emandako aurrerapenak ere aipatu ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!