Iruñean, hilabetero, meza frankistak antolatzen ditu eskuin muturreko elkarte ultrakatoliko batek, Erorien Monumentu azpiko kriptan. Eraikina, legez, Iruñeko Udalarena den arren, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak beretzat gordea du kripta erabiltzeko eskubidea. Kripta horretan egiten dituzte mezak. Eta meza horiez gain bestelako gorazarrerik ba ote zen jakiteko bide kamera eta soinu-grabatzailea jarri zituen Clemente Bernard dokumentalistak.
Intimitatean mezak egiteko duten eskubidearen gainetik ezarri zuen berak interes orokorrarena. Jakitearena, meza horietan frankismoa goratzen ote zen eta biktimei mespretxuzko ekitaldirik egiten ote zen. Horregatik, ezkutuan jarri zituen kamerak. Aurretik baimenik eskatu gabe, benetan gertatzen zena grabatzeko eta ez aurrez prestaturiko mezak grabatzeko.
Anaidiko kide batek salaketa jarri zion Bernardi, euren intimitatea urratu zuelakoan. Iruñeko 3 zenbakiko Zigor Epaitegiko magistratuak ebatzi du legez kanpokoa dela kripta horretan irudiak hartzea. Are: eraikin publiko batean egiten diren meza frankistak grabatzea «anaidiaren intimitatea urratzea» dela nabarmendu du epaileak. Hori dela eta, urtebeteko kartzela zigorra eta 2.880 euroko isuna ezarri dio Clemente Bernad argazkilari eta dokumentalista iruindarrari, sekretuak argitara ematea leporatuta. Probintzia Auzitegian helegitea jartzeko aukera dute aldeek. Baina halakorik ez du eginen Bernardek: "Markatuak daude karta guztiak. Ez naiz joku horretan sartuko", esan du.
Artzapezpikutzak eta erakunde publikoek arduraz jokatu beharko lukete frankismoa goratu dezaketen meza horiekin. Eraikin publikoa erabiltzen ari dira inork ez dakien ekimena hilabetero aurrera eramanez. Hala uste dute ZER Memoria Elkarteko kideek.
2016ko udazkenean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari ziren.