Ikasleei Guardia Zibilaren zeregina erakutsi nahi dietela salatu du Lab sindikatuak

Euskalerria Irratia 2019ko mai. 2a, 08:07

Guardia Zibila haur batekin arma bat eskuan dutela. Arg: redroja.net

175 urte betetzen ditu Guardia Zibilak eta ikastetxeetara gonbidapena bidali du ikasleek aukera izan dezaten ate irekietan parte hartzeko. 

Guardia Zibilaren 175. urteurrena dela-eta espainiar Barne Ministerioak ate-ireki eguna egingo du Nafarroan. Hainbat eskolatan efemeride hori ospatzeko eta aipatu ekitaldian parte hartzeko idatzia zabaldu dutela salatu du LAB Irakaskuntzak. Sindikatu honen aburuz, diru publikoa erabiltzen ari dira batere hezitzailea iruditzen ez zaizkigun jarduerak sustatzeko: "Justu kontrakoa, irizpide patrialkal, militarista eta autoritarioak ordezkatzen dituen erakundea izaki", LABi erabat arbuiagarria iruditzen zaio horren kutsu propagandistikoa duen kanpaina egitea eta horretarako haurrak erabiltzea.

"Guardia Zibilak gure herrian duen itzal iluna gure eskoletako geletan zuritzeko saiakera hori erabat desegokia iruditzen zaigu", nabarmendu du sindikatuak. Horrez gain, Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntza komunitateko ehunka kideren aurka egin izan dituen ekintzak gogorarazi nahi ditu Labek. "Besteak beste, gogoan izan irakasleak bere joera politiko edo ideologikoen arabera sortu zituen zerrenda beltzak, gainera ondoren lau haizetara zabalduak izan zirenak, hainbat hedabideren laguntzari esker. Ezin dugu onartu lankideen eskubideak horren modu zantarrean urratu dituen erakunde bat eskoletan goratzen jardutea", adierazi dute.

"Hezkuntza Departamentuari dei garbi eta ozena egin nahi diogu horren balio atzerakoiak defendatzen dituen eta gure lankideak kriminalizatzen dituen erakunde militar horren ekimenekin kolaboratu ez dezala", eskatu du. Aldi berean, hezkuntza komunitate guztiari gai honekin adi egotea eskatu nahi diote, bere lantokian tankerakorik sumatzen badu inolako zalantzarik gabe salatu dezala eskatuz. Hala nola, gonbiteari muzin eginez, antolatutako jardueretan parte-hartzerik ez izatea proposatzen du Lab sindikatuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!