Imanol Karrera (LAB): "Lan baldintzak duintzeko eta prekarizazioarekin amaitzeko aldarrikapen eguna izanen da M1a"

Euskalerria Irratia 2019ko api. 24a, 14:05

LABeko arduradun nagusiak Nafarroan azaldu du 12:00etan egingo dutela Hego Euskal Herriko mobilizazioa, eta ekitaldia Iruñeko Gaztelu Plazan izanen dela. “Borroka eta ospakizun egun bat izango da, klase elkartasuna aldarrikatzeko baliatuko duguna”, adierazi du.

Mobilizazioak bost zutabe izango dituela zehaztu du Karrerak, “bost kolektibori dagozkionak: lantokietako gatazkak, feministak, langile migranteak, gazteak eta pentsionistak. Sektore guzti hauek langile klasearen barruko aktoreak dira gizarte-aldaketarako prozesu baterako”. Mobilizazioek debekuak izan dituzte, eta, horregatik, hasierako planteamenduan aldaketak egin behar izan ditugula adierazi du Karrerak. Nafarroan dagoen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Iruñeko Hiri-Segurtasuneko Sailak orden eta bake publikoa zapuztea argudiatzen dute, ondasun eta pertsonen integritatea arriskuan jarriz, eta baita bizikidetza normal garatzea ere hiria kolapsatuz.

Karrerak gaineratu du “langile-klasea kalean egoteak, Maiatzaren Lehena bezalako egun seinalatuan, antza, gogaitu egiten du. Sistemak gero eta tresna gehiago du bere eskura: mozal legea, ordenantzak… Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du, borroka sindikalak gogaitu egiten du".

“Maiatzaren Lehenaren despolitizazio eta folklorizazioaren aurrean, LABek dei egiten du kalera ateratzera. Gaur, inoiz baino gehiago, honakoak aldarrikatzeko. Batetik, gure klase izaera; Maiatzaren Lehenaren garrantzia aldarrikatzea borroka eta mobilizaziorako egun bezala”. Eta bestetik, gazteak, ikasleak, pentsiodunak, langabezian dauden langileak, feministak, migranteak, etxeko langileak, borrokan ari diren langileak, prekarietate modu berriak jasan behar dituzten langileak (ustezko autonomoak, bekadunak, azpikontratetako langileak…). Benetako mehatxua gara sistemarentzat, aliantzak sortu eta gure borroka guztiak artikulatzeko gai bagara, gai izango baikara jendarte eraldaketa bultzatzeko. Ez dituzte gure borrokak ez gelditu ez isilduko. Elkar ikusiko dugu Iruñean Maiatzaren Lehenean”, amaitu du Karrerak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!