Alesbesen, berriz, harrera berezia prestatu diote KORRIKAri, hamaiketako eta guzti. Euskarabideak, edizio honetan, eremu diskriminatuan eginen du KORRIKA, mugak apurtuz. Eta Valtierra eta Cadreita ere zeharkatu ditu KORRIKAk ostiralarekin. Bazkalordurako, Faltzes zapalduko dute korrikalariek.
Egun osoa emanen du gaurkoan ere Nafarroan, Iruñea hiriburua biharko utzita. Hegoaldetik abiatuta, iparralderaino joko dute korrikalariek, Erriberatik Zaraitzuraino, Tafallaldea eta Zangozaldetik igarota. Hortaz, jendetza ibiliko da Nafarroan KORRIKAren arrastoa jarraitzen.
Arratsaldeko lehen orduan, Erriberri igarota, Tafallan sartuko da jende uholdea, hura baita eskualdeko eragile gehienek lekukoa eramateko aukeratu duten lekua. Denak, ordea, ezin bertan sartu, eta Tafallara heldu aurretik zein ondoren, eskualdeko hamarnaka lagun ariko dira eskuz esku lekukoa eramaten. Makirriain ondoren, Olleta, Lerga eta Eslaba pasatuta, gaueko lehen unearekin Zangozaldean izanen da 21. KORRIKA. Oibartik Zangozara, eguneko azken orduak bertan emanen dituzte korrikalariek. Zangozan AEK-k ireki berri duen euskaltegitik pasako dira, eta bertan irakasleek eta ikasleek eramanen dute lekukoa.
Gaua Zaraitzurako bidean eginen dugu, Irunberritik Domeñura, eta handik Isoko mendatea hartuta, Pirinioetan barneratuko dira korrikalariak: Nabaskotze, Espartza, Eskarotze, Jaurrieta... Larunbat goizaldeko sei eta erdiak aldera lekukoak eginak izango ditu aurreneko 400 kilometroak.