Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak % 20 handituko du lankidetza-proiektuetarako laguntzen aurrekontua

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 25a, 07:57

 Iruñean bildu den entitatearen batzarrak ontzat jo ditu 2019rako aurrekontu-orientazioak, mugaz gaindiko jarduerak finantzatzeko aurreikusita dauden 1,2 milioiko funts propioak barne.

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak % 20 handituko du hiru lurraldeetako eragileek garaturiko lankidetza-proiektuetarako laguntzen aurrekontua, gaur arratsaldean Nafarroako Jauregian antolaturiko urteko batzar nagusian jakinarazi dutenez. Bertan, besteak beste, 2019rako aurrekontuen nondik norakoak aztertu dira eta, aurreikuspenen arabera, 1,2 milioi bideratuko dira funts propioetatik mugaz gaindiko ekintzak finantzatzera.

Hitzorduan parte hartu dute hiru lurraldeetako lehendakariek: Uxue Barkos, Nafarroako Lehendakaria, Euroeskualdeko lehendakaritza duen komunitatearen izenean; Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, eta Alain Rousset, Akitania Berriko Lehendakaria, Batzarreko gainerako kide guztiekin batera.

Nafarroako ordezkaritza Manu Ayerdi, Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak; Miguel Laparra, Eskubide Sozialetako lehendakariordeak; Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak; eta, Pello Pellejero, Komunikazio eta Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak.

 

Barkos, Rousset eta Urkullu lehendakariek Euroeskualdeko batzarreko amaieran eskainitako prentsaurrekoan. () 

Adierazpenak

 

Batzarraren ostean, hiru lehendakariek prentsaurrekoa eskaini dute. Uxue Barkos, Nafarroako Lehendakariak, “historia, kultura eta amankomuneko hainbat interes ditugun herrialdeen artean Europako lankidetzarako espazio interesgarriaren sendotze unean gaude”, adierazi du, eta hala Euroeskualdeak beraien kideei Europako testuinguruan “leku hobean” egotea ahalbidetzen diela azaldu du.

Lehendakariak entitateak lantzen dituen hainbat proiektu aipatu ditu eta horien artean, mugaz gaindiko mugikortasuna lantzen duen Transfermuga, eleaniztasuna eta irakasleen garapen profesionalaren Eskola Futura eta mugaz gaindiko lana sustatzen duen Empleo apiatu ditu, 2018an zehar hainbat errekonzimendu jaso dituzten proiektuak.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, “Gaurko Batzarrak Euroeskualdearen etorkizuna guk gizartearen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko, eta enfasia, bereziki gazteengan jarriz, bultzatu ditzakegun ekintzekin lotuta dagoenaren konbikzioa indartzen du. Auzolana filosofiaren aplikazio praktikoa da, lengoaia internazionalean lankidetzarako-printzipioz ezagutzen dena.

Azkenik, Rousset-ek nabarmendu du Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriaren arteko lankidetza, euroeskualdearen esparruan, “Europako eraikuntzaren adibide ona” dela Europar Batasunaren etorkizunari buruzko egungo eztabaidan. Halaber gazteriaren ekarpena garrantzitsua dela nabarmendu du.

Batzarraren edukia

 

Batzarrak 2018an egindako jardueren balantzearen berri izan eta egungo ekitaldirako aurrekontu-aurreikuspenak aztertu ditu. Horrez gain, Euroeskualdeak urtero aurkeztu ohi dituen bi laguntza-deialdietako lehena onartu du.

Hartara, antolakundearen aurtengo aurrekontua 3,5 milioi eurokoa da, eta adierazi den bezala, zenbateko horretatik, 1,2 milioi mugaz gaindiko proiektuak garatzeko funts propioei dagozkie.

Lau dira lehentasunezko lan-ardatzak. Lehendabizikoak Euroeskualdearen antolaketarekin zerikusia duten jarduera guztiak biltzen ditu (eleaniztasuna, kultura, gazteria, eta bigarrenak ezagutzaren, berrikuntzaren eta enpresa-lehiakortasunaren ekonomia eta unibertsitate mailako mugikortasuna sustatzea du helburu. Hirugarren eta laugarren ardatzek lurralde iraunkortasuna sustatzea (mugikortasuna eta garraioa, nekazaritzako baliabideak, ingurumena eta turismoa) eta Euroeskualdearen gobernantza eta ikusgaitasuna bultzatzea dute helburu, hurrenez hurren.

Jarduera esparru honen arabera, aurrekontua honela banakatu da. Alde batetik, urteko bi laguntza-deialdiek 800.000 euroko guztizko zenbatekoa izanen dute (2018an baino 100.000 euro gehiago). Kopuru horretatik, 450.000 euro gaur onarturiko lehendabiziko dirulaguntza-ildoari dagozkio, kultura, ondarea, hezkuntza, kirola eta eleaniztasunaren arloko proiektuak finantzatzeko. Bigarren seihilekoan, bigarren deialdia onartuko da, 350.000 eurokoa, ekonomia, ikerketa eta berrikuntza arloei zuzendutakoa.

Bestalde, lankidego estrategikoko proiektuek 400.000 euro jasoko dituzte, eta diru horren laguntzaz, egun indarrean dauden ekonomia, kultura, hezkuntza eta kirol arloetako mugaz gaindiko aliantzak finantzatuko dira, baita sor litezkeen lankidetza berriak ere, eta 100.000 euroraino gehituko dira (% 66 gehiago) Euroeskualdeko unibertsitate mailako ikasleentzako beketarako funtsak.

Baliabide propio hauei esker, Euroeskualdeak, hiru lurraldeetako eragileek sustaturiko hogeita hamar bat lankidetza-proiektu finantzatzen ditu urtero, baita POCTEFAren bitartez Europako finantzaketa duten beste hiru proiektu ere: Transfermuga, mugaz gaindiko mugikortasunari buruzkoa; Eskola Futura, eleaniztasuna eta irakasleen garapen profesionala uztartzen dituena, eta Enplegua, mugaz gaindiko enplegua sustatzea xede duena. Proiektu hauek milioi 1 euroko guztizko dirulaguntza dute eta 2018an Europa mailako hainbat aintzatespen jaso dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!