Akordioa sinatu dute Huerta de Peralta enpresako langile eta zuzendaritzak egun dituzten baldintzak hobetzeko

Euskalerria Irratia 2019ko mar. 20a, 12:55

Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako ordezkariek, batetik, eta langileen ordezkariek, bertzetik, enpresa ituna sinatu dute, nekazaritza sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen baldintzak hobetzen dituena. Sinatu baino lehen, Huerta de Peraltako langileek batzarretan eman zioten oniritzia akordioari. Enpresa Batzordearen gehiengoa diren LAB sindikatuko 6 ordezkariek negoziatu eta sinatu du enpresa ituna; CCOOko bi delegatuek eta UGTko delegatuak ez dute halakorik egin. 28 egunez egon ziren greban langileak, negoziazio hau eskatzeko.

Gogoratzekoa denez, enpresa itun bat negoziatzea eta sinatzea zen Huerta de Peraltako greba mugagabea bukatzeko akordioaren hiru baldintzetako bat; bertze bi baldintzak ziren kaleraturiko langileak berriz hartzea eta langileek eskatua zuten zorra kitatzea. Greba hura 2018ko abenduaren 26tik 2019ko urtarrilaren 22ra iragan zen.

Hona hemen Huerta de Peraltako enpresa itunaren ezaugarri nabarmen batzuk:

2019 urtean, Huerta de Peraltako langileen ordainsariak izanen dira Nafarroako Nekazaritza Sektorearen Hitzarmen Kolektiboak ezartzen dituenak. 2020 urtean, berriz, hitzarmen horrek ezartzen duen igoera aplikatuko da eta %1 ere gehituko zaio (baldin eta bi igoeren batuketak ez badu %3 gainditzen). Hurrengo urteetan, eta itun berria sinatzen ez den bitartean, enpresak ziurtatuko du soldatak, gutxienez, Nafarroako KPIren arabera igoko dituela.
Akordio berria lortu da aparteko orduen inguruan, Enpresa Batzordean dauden sindikatu guztiek lehenago sinatu zutena hobetzen duena.
Sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen opor egunak baino 2 egun gehiago izanen dituzte Huerta de Peraltan.
Lehen mailako senideen heriotza dela-eta ematen diren baimen ordainduek 2 egun gehiago izanen dituzte eta, beraz, sektoreko hitzarmenekoak baino hobeak izanen dira.
Landa eremuko langile guztiek lanaldi etengabea izanen dute urte osoan, eta ez sektoreko hitzarmenak markatzen dituen lau hilabeteetan bakarrik. Gainerako langileek orain arte zutenari eutsiko diote.
Malgutasun poltsa 30 ordukoa izanen da bakarrik, lan erreformak ahalbidetzen dituen 175 orduetatik oso urruti, eta poltsa hori erabili ahal izanen da enpresan dauden nazionalitate ezberdinen jaiegunetan.
Enpresa ezin izanen da aldebakartasunez itun honek edo sektoreko hitzarmenak ezartzen dituzten baldintzetatik atera. Era berean, bermatzen da Huerta de Peraltan sektoreko hitzarmenaren baldintzak ezarriko direla baldin eta enpresako itunean jasotzen direnak okerragoak badira.
Kontratazio sistema berria ezarriko da. Sistema horren bidez lan poltsa nominatiboa sortuko da, kronologikoki ordenatuta, eta lan poltsa horren arabera eginen dira aldi baterako kontratazioak.
Enpresak %100ean osatuko du langileen soldata lan egiteko ezintasuna ospitaleratzea ekarri duen gaixotasun arrunt batek sortu badu eta egoera horretan dagoen bitartean.
Lan arriskuen ebaluazioa berriz aztertuko da eta lanpostu guztietan erabiltzen diren garbiketa protokoloen eta produktu fitosanitarioen zerrenda zehatza eginen da. Arrisku psikosozialak ere aztertuko dira.
Aldian-aldian Enpresa Batzordearekin bilerak eginen ditu enpresak sor daitezkeen gatazka guztiak konpontzen saiatzeko.
Nafarroako ezein hizkuntza ofizial ikasteko edo hobetzeko Huerta de Peraltako langileek hartzen dituzten ikastaroen matrikularen erdia ordainduko du enpresak, baldin eta matrikulaturiko eskolen %80ra joaten badira.
...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!