Gobernuak Karlos III.aren Gurutzea eman die zortzi pertsona eta erakunderi Nafarroan ospea zabaltzen laguntzeagatik

Gobernuak Karlos III.aren Gurutzea eman die zortzi pertsona eta erakunderi Nafarroan ospea zabaltzen laguntzeagatik

Santa María la Real Elkartea, Aurelio Sagaseta, Fátima Djarra, Jesús Cía, “Los Iruña’ko”, Pedro Blanco, Julio Sesma eta Jesús Sarasa dira sarituak.

Nafarroako Gobernuak Karlos III.a Noblearen Gurutzea zortzi pertsona eta erakunderi ematea erabaki du gaurko saioan, haien jarduera-esparru zehatzetik "Foru Komunitatearen garapen, proiekzio eta ospean egindako lan nabarmenarengatik".

Zehazki, onartutako foru-dekretu banaren bitartez, Gurutzea honako hauei esleitu die Exekutiboak: Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Santa Maria la Real Elkartea; Aurelio Sagaseta musikaria; Fatima Djarra, ablazio femeninoaren aurkako aktibista; Jesús Cía ekintzailea, “Josenea-ren” sortzailea; “Los Iruña’ko” musika-taldea; Pedro Blanco kazetaria; Memoria Historikoa berreskuratzeko bultzatzailea, Julio Sesma; eta Jesus Sarasa, nekazaritzako ingeniaria.

Gurutzeak banatzeko ekitaldia datorren martxoaren 30ean egingo da.

Sarituen zerrenda

Horrela, Iruñean 1967. urtean sortutako Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Santa Maria la Real Elkartea  saritu du Gobernuak, Espainian era horretako ezaugarriak dituen lehen elkartea. Gobernuak nabarmendu du “emakumeen eskubideak defendatzeko, emakumearen duintasun soziala lortzeko eta gizartean parte hartzea aldarrikatzeko emandako laguntza irmoa”.

Musika-arloan, Gobernuak Aurelio Sagaseta Aríztegui apaiza eta konpositorea eta “Los Iruña’ko” taldea saritu ditu, “Nafarroako musika eta kultur ondarea sustatu, ezagutzera eman eta hedatzeagatik”. Sagaseta musika erlijiosoan espezialista da, Nafarroako konpositoreen errepertorio ezezaguna berreskuratu du, eta obra erlijioso handiekin batera programatu du Erdi Arotik hasi eta gaur arte. Bestalde, “Los Iruña’ko” musika-taldea 1954. urtean sortu zen, eta munduko leku ezberdinetan zehar ibili da, San Ferminetako musika modernitatearekin batzen.

Fátima Djarra Sani aktibistari eta Médicos del Mundok Nafarroan duen kideari dagokionez, Exekutiboak azpimarratu du emakumeen genitalen mutilazioa salatzeko egindako lana, “genero-indarkeria eta giza eskubideen urraketa oso larria den praktika”. 2008az geroztik, sexu-osasun erreproduktibo eta emakumeen mutilazio genitalaren prebentzioko proiektuan hartzen du parte. (Hemen Argian eginiko elkarrizketa).

Halaber, Jesús Cía Asensioren inguruan, Gobernuak nabarmendu du “ekonomia iraunkorra eta ingurumena errespetatzen duena, eta langileen laneratzea eta gizarteratzea errazteko” egindako lana. Cíak “Josenea” sortu zuen 2003. urtean; hau da, landare aromatikoen eta medikuntza-arlokoen labore ekologikoko enpresa. Egun 33 langile ditu, eta horietatik 17 gizarteratzeko postuak dira.

Bestalde, Gobernuak Tuterako Pedro Blanco Arizaren kazetaritza-karrera izan du gogoan, “beti errealitatearekin eta egiazkotasunarekin konprometitua, eta horrek irratian proiekzio handieneko profesionala izatera eraman du”. Gainera, “Erriberako dibulgatzaile garrantzitsuenetarikoa da, ondare kulturalaren, artistikoaren, turistikoaren eta gastronomikoaren babeslea”.

Julio Sesma Martínezek Nafarroan memoria historikoa berreskuratzea bultzatu du, eta 2018. urtera bitarte Alargunen Herria Elkartearen lehendakaria izan da. Gobernuak nabarmendu nahi izan du hamarkadetan zehar lagundu duela “bizikidetza ‘gorrotorik eta mendekurik gabe’, eta errepresio frankista jasan zuten pertsona guztien memoria eta errekonozimendua errazten”. Sesmak parte hartu zuen deshobiratze goiztiar bezala ezagutzen zirenetan, 1978an hasitakoetan, eta Sartagudako Memoriaren Parkea sortzen, haren jaioterrian.

Azkenik, Jesús Sarasa Murugarren nekazaritzako ingeniariari dagokionean, Gobernuak nabarmendu du “Nafarroan lehen sektorearen garapen ekonomiko eta teknologikorako emandako laguntza”. Sarasa AN Taldearen zuzendari nagusia izan da 1988 eta 2018 urte artean; hau da, Espainiako kooperatiba handienetarikoa, Tajonarren egoitza duena. 1.603 langile ditu. Nafarroa, Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Extremadura, Errioxa eta Euskal Herriko 155 kooperatiba baino gehiago elkartzen ditu, 30.000 nekazari bazkide baino gehiagoren ekoizpena komertzializatuaz.

1997an sortutako saria

Karlos III.a Nafarroako Noblearen Gurutzea 1997an sortu zuen Foru Gobernuak Nafarroako gizartearen aurrerabidean edo Foru Komunitatearen kanpo-proiekzioan laguntza handia eman duten pertsonak eta erakundeak publikoki aitortzeko.

Sariak Karlos III.a Noblearen izena hartu zuen (Nafarroako errege guztien artean bakezalea izateagatik nabarmentzen dena), kultura eta artearen alde egindako ekimenengatik, eta Europako gainerako gorteekin bakea eta adiskidantzazko harremanak ezartzeagatik.

Esmalteztatutako gurutze bat da, eta bertan Nafarroako Artxibo Orokorrean kontserbatutako argizarizko errege zigiluan ageri den Karlos III. Noblearen irudi jesarria erreproduzitzen da, "karolus regis navarre" hitzek inguratzen dutelarik. Atzealdean, Nafarroako ezkutua agertzen da "Nafarroako Foru Komunitatea" adierazpidearen eta "Nafarroako Karlos III. Noblearen Gurutzea" hitzen gainean.