Gaixo dagoen Jon Gurutz Maiza presoaren askatasuna eskatu dute

Euskalerria Irratia 2019ko otsailaren 27a

Jon Gurutzek gaitz ugari ditu: ikusmen zorroztasunaren galera, ezkerreko begiko erretina-askatzea, berriki, eta eskuineko begiaren galera haurtzarotik; diabetesa, dislipemia; hipertentsioa eta fibrilazio aurikularra. 68 urte ditu eta azkeneko 12ak kartzelan eman ditu. Momentu honetan Lannemzango espetxean dago, Etxarritik 300km-tara. "Orain Jon Gurutz" dinamika aurkeztu dute, bere askatasuna eskatzeko. 

Jon Gurutzen egoeraren berri eman eta herriko eragile eta norbanakoak dinamika honen inguruan aktibatzea ditu helburu dinamikak, aldarrikapen garbi batekin: konponbidean urratsak emateak euskal presoen korapiloa askatzea ekarri behar du eta bide horretan gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen etxeratzea ezinbestekoa da. Berriki Jaiki Hadi mediku elkarteak jakinarazi duenez, osasun ikuspegitik begiratuta gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak 21 dira. 21 preso horiek kalean egon behar dute. Pertsona hauen osasunarekin eta sufrimenduarekin bestelako kalkuluak egitea ankerkeria hutsa besterik ez da.

Konponbidean, giza eskubideen errespetuan eta elkarbizitzan urratsak emateko guztiok behar dugu batera bultza eta norabide horretan “Orain Jon Gurutz, gaixo dauden presoak etxera” dinamikaren aurkezpen honekin, herritarrak hemendik aurrera eginen diren ekimen ezberdinetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!