Bardea beste hamar urtez bonbardatzeko hitzarmena itxita, gaur jaurtiko dituzte berriz ere bonbak

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 18a, 08:42

Bardean bonbek segituko dute. Arg: eitb.eus

Maniobra militarrak Bardean egiteari uzteko aukera bazen baina automatikoki urtarrilaren 1arekin batera beste hamar urtetarako luzatu dute kontratua Defentsa Ministerioarekin. Gaur bertan eginen dituzte ariketa gehiago. 

Joan den astean egin zituzten 2019 honetako lehen ariketa militarrak Bardean. Asteazkenean ziren hastekoak baina ostegunean ekin zioten. Benetako munizioarekin ariko dira egunotan. Dena dela, Bardearen inguruan bizi direnek eta Bardea Libre plataformako kideek diote egunero direla ohikoak militarren joan-etorriak eta nolabaiteko maniobrak. 

2008an sinatu zuten azkenekoz Defentsa Ministerioak eta Bardeako Komunitateak hogei urterako kontratua militarrek ariketak egin ditzaten paraje haietan. Dena dela, hamar urte pasata berrikusi eginen zuten kontratua eta aukera legoke eteteko. Iazko abenduaren 31 izan zen azken eguna horretarako eta halakorik ezean beste hamar urtez bonbak egonen dira Bardean noiznahi. Abisua eman behar dute zenbait egun lehenago ariketak eginen dituztela ohartaraziz baina beti halakorik ez dela gertatzen salatu dute behin baino gehiagotan. 

Datu ekonomikoek argitzen duten kontua

Dirutza jasotzen du Bardeako Komunitateak Defentsa Ministerioari lur eremu hori uzteagatik. 2008tik, urtean zazpi milioi euro jaso zituzten; aurrerantzean, hamalau jasoko dituzte urte bakoitzeko. Bardeako Komunitatea 22 erakundek osatzen dute: hemeretzi udalerrik, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrek, eta Olivako monasterioko monjeek. Haiek denak dira lur eremuaren jabeak. Haientzat diru iturri garrantzitsua da militarrena: bakoitzak urtean 108.000 euro inguru jasotzen dituelako. 1951. urtetik dago martxan tiro eremua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!