Familia gehienek sare publikoaren alde egiten dute

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 18a, 08:20

>Aurre-matrikulazio eskarien %48,7k euskararen presentzia duen ereduren batean izan da.

Egindako lehenengo aukeran plaza lortu du eskarien %98,6k. Dena den, zozketa publikoa egin da gaur Hezkuntza Departamentuan, eskariek plaza kopurua gainditu duten ikastetxeetan gerta litezkeen baremazio berdinketak argitzeko jarraitu beharreko irizpidea zehazteko. Alegia, berdinketa apurtzeko Ruedas Ballestero abizenetik hasiko da plazen banaketa. Zozketa streaming bidez jarraitzeko aukera egon da eta Departamenduaren youtube kalanean ere ikusgai dago: www.youtube.com/hezkuntzaNAeducacion

5.854 eskari jaso dira EDUCA datu-basean; 2019-20 ikasturtean hezkuntza sistemara gehituko diren 3 urtekoak, alegia. 2016ko jaiotzekin bat dator zenbakia (5.908 jaiotza izan ziren urte horretan); hala ere, ohi bezala, eta matrikulazio epera bitartean egon litezkeen biztanle-mugikortasunak ere eragingo dio. Hala, 19-20 ikasturterako aurreikuspena da 6.200 ikasle berri gehitzea Nafarroako hezkuntza sistemara.

Aurre-matrikulazio zenbaki absolutuetan beherakada egon bada ere, jaiotze-tasaren jaitsierak eraginda, familia nafarren gehiengoak irakaskuntza publikoaren aldeko hautua egin duela diote datuek. Nafarroan finkatu egin da irakaskuntza publikoaren aldeko hautua: familien %60,8k aukeratu du ikastetxe publikoren bat. 3.561 eskabide aurkeztu dira ikastetxe publikoetan eta guztiak erantzungo dira lehenengo aukeran. Itunpeko sareak 2.293 eskari izan ditu, % 39,2. Hala bada, familia gehienek publikoaren alde egin dute, ehunekoei begiratuz gero eskariek zertxobait behera egin badute ere (%0,9). Hurrengo ikasturtean ere, legegintzaldi osoan zehar bezalaxe, Hezkuntza Departamentuak kalitatezko eskola publikoaren alde egiten jarraituko du eta horretarako %5,12 gehitu du inbertsioa aurrekontuetan, 2018arekin alderatuz, murrizketetan atzera egiteko (ratioak eta zuzeneko eskola-orduak jaitsiz), plan estrategikoak egonkortzeko eta irakasleen formazioan eta ikastetxeen eraldaketa digitalaren aldeko apustuari eusteko.

Hizkuntza ereduei dagokienez ez da alde nabarmenik egon. Egindako eskaeretatik %51,3 G ereduan ikasteko izan da, horietatik ordea %2,7 baino ez du eskaera egin gaztelania hutsezko ereduan. Are gehiago, atzerriko hizkuntzetako programetan sartu ziren G ereduko ikastetxe gehienak lehen hezkuntzako amaiera ziklora iristen ari dira, beraz, hizkuntza bakarreko eredua desagertuz doa.

Bestalde, familien %48,7 euskararen presentzia duen eredu baten alde egin du (%29,4 D eredua; %19 A eredua eta %0,3 B eredua). Eremu ez-euskaldunean D ereduaren eskaintzari dagokionez, Programa Akordioan ezarri zen, eleaniztasuna sustatzeko eta Nafarroako bi hizkuntza propioen ezagutzatik abiatuta, euskararen irakaskuntza murgiltze eredua hedatuko zela. Horri jarraikiz, aurten Castejon herriko Eskola publikoa D eredua eskaintzen duten eremu ez-euskalduneko eskola kopurura batuko da. Gauzak horrela, familia guztiek D eredu publikoan ikasteko eskubidea izan dezaten 2015ean Parlamentuak euskararen legearen eraldaketa onartu zuenetik 13 ikastetxek dituzten D ereduko unitateak eremu ez euskaldunean. Lodosa, Allo, Azkoien, Barasoain, Sesma, Erriberri, Zudaire, Abartzuza, Antzin, Noain, Tafalla, Caparroso, eta orain Castejon. Azken honetan 12 eskari egon baitira, hiru urtekoen zortzi eskari eta beste lau eskari 4 urteko gelarako.

Ikastetxe guztientzako zozketa bakarra eta gardena

Eskola publikoak izan dituen eskarien %100k zehaztutako lehenengo aukeran izanen dute tokia. Horretarako, besteak beste, CEPIP Arrotxapean eta CPEIP Mendigoitin gela berri bana irekiko da, kasu horietan zentroek eduki duten gain eskariari erantzuteko.

Itunpeko sarean, aldiz, 70 eskaritan ezin izango da familien lehenengo aukera bermatu eta gaur, eguerdiko ordu batean, zozketa egin da Departamentuan, baremazioaren ondoren berdinketak gertatuz gero, plazak banatzeko jarraitu beharreko irizpidea zehazteko. EDUCA kudeaketa sistemako datu basean gaur egun dauden Nafarroako ikasle denak hartu dira, 123.029. Horietatik bat atera da eta haren abizenak izanen dira eskaria egin dutenen artean berdinketa hausteko irizpide. Zehazki, Ruedas Ballestero izan da erreferentziarako zozketan atera den abizena.

Modu honetan, zozketa publikoaren bitartez berdinketa gertatu den kasuetan plazen banaketa gardena bermatu nahi da; izan ere, iaz arte berdinketa gertatzen zen ikastetxe bakoitzak bere zozketa egiten zuen. Hori dela eta, iaztik Hezkuntza departamentuak zozketa irekia egiten du, aukera berdintasuna bermatzeko asmoz. Zozketa zenbakizko irizpidean oinarritzen da. Nafarroako komunitatean matrikulatu diren ikasle guztien izen-abizenak jaso dira zerrenda bakarrean, alfabetiko ordenatuta eta zenbakituta. Handik atera da behar den kasuetan aplikatu beharko diren abizenak. Ikastetxeetako zuzendariak eta Eskolatze Batzordea deitu dira aurrean egon daitezen.

Familiek egindako lehenengo aukeran onartutakoen behin-behineko zerrendak martxoaren 1ean argitaratutako dira eta familiek bi egun izango dituzte (martxoak 11 eta 12) erreklamazioak aurkezteko, lehenengo aukerako ikastetxean. Gainerako egutegiari dagokionez:

- Onartutakoen behin betiko zerrenda martxoaren 14an argitaratuko da.

- Hiru urtekoen matrikulazioa, edo hobetzeko aukeran eskatzeko, martxoaren 26tik 28ra bitartean egin ahal izango da (14:00ak bitartean).

Egutegi osoa kontsultatzeko: https://www.navarra.es/home_eu/especial/prematricula/ 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!