Herrietan bizi diren ikasleek garraio zerbitzua behar dute 18 urte bete arte

Euskalerria Irratia 2019ko otsailaren 5a

Hamasei urtera arte dago ziurtatua garraio publikoa ikasleentzat, baina gero, ez da halakorik bermatzen

Landa eremuetan arazo da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu eta ikasten segitu nahi dutenek ikastetxerainoko bidea nola egin hautatzea. Hamasei urtera arte dago ziurtatua garraio publikoa ikasleentzat, baina gero, ez da halakorik bermatzen.

Ikasleen %80ak segitzen du 16 urtetik gora ikasten. Landa eremuetan bizi diren ikasleek ez dute lan erraza izaten egunero ikastetxera joateko. Batzuek aukera izaten dute derrigorrezko hezkuntza jasotzen dutenen autobusean egiteko bidaiak, plaza hutsak baldin badaude. Bestela, herri zenbaitetako udalek nola edo hala autobus zerbitzuak kontratatzen dituzte, edo taxi zerbitzuak alokatu edota bestelako nolabaiteko irtenbideak eman dizkiote arazoari, asko dira gurasoak arduratu direnak joan-etorriak egiten.

80 udal batu dira dagoeneko eskaera egiteko. Hezkuntza Departamentuari galdegin diote hemezortzi urtera arte garraio zerbitzua eskaini diezaietela ikasleei. Eta Maria Solana kontseilariaren jarrerarekin kontent azaldu dira: adierazi baitie ari direla gaia aztertzen, ari direla irtenbide egoki baten bila eta baliabide ekonomikoak zein antolaketa lanak egiten ari direla.

Baldintza berdinak nahi dituzte herrietako eta hirietako herritarrek, kasu honetan, ikasleek. Arazoa atzetik dator, aspalditik. Landa eremua jendez husten ari bada, hau ere bada arrazoietako bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!