Torturak ikertzeko eskatu diote gobernuari

Euskalerria Irratia 2019ko otsailaren 4a

Nafarroan tortura pairatu duten 55 lagunek Torturatuen Sarea osatu eta gobernuari eskatu diote kasuak ikertu ditzan. 

Nafarroako Gobernuari eskatu diote tortura kasuak ikertu ditzala. Izan ere asko dira oraindik inpunitatean dauden tortura kasuak eta ikerketa ezinbestekoa dela iritzi diote. 55 torturatuk osatu dute Nafarroako Torturatuen Sarea. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian egindako lana nahi dute Nafarroan ere. "Badakigu torturak jasan dituztenak asko direla Nafarroan. 55 pertsonok osatzen dugu sarea baina jende gehiago izan daiteke gurekin bat egin ez duena. Bat egitera deitzen ditugu", esan zuten. 

Bi deialdi nagusi egin zituzten, beraz: alde batetik, torturak jasan dituztenak sarean bat egitera deitu dituzte eta bestetik, herritarrei babes emateko deia ere bai: otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian eta protestetan parte hartzeko gonbidapena egin dute. Azaldu dutenez, 1.000 nafar baino gehiago torturatu dituzte poliziek, eta lagun bat hil: Mikel Zabalza. Gogoratu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren kasuak dira. Gainera, hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu zion Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak.

Bideoa: ahotsa.info

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!