Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea
Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.
Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.
Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.
Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.
Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin.
Txillardegiren lana omenduko dute
Txillardegi da, askorentzat, gerra ondoko Euskal Herrian izan zen belaunaldien arteko etenaren protagonista nagusietakoa. Giro horretan —eta tradizioaren aurka― ernatu zen pentsamendu berriak politika, kultura, filosofia eta erlijioa zituen berezko arlo.
Txillardegik utzitako ondarea, literaturan, ikerkuntzan, irakaskuntzan, euskalgintzan, handia da; bere sasoian, KLIKA egin zien euskarari, literaturari, herriari...
Txillardegiren kezka nagusia zen aldarrikatzea herriak hizkuntza beharrezkoa duela eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria duela.
Txillardegik euskaldunoi egin digun ekarpena:
Txillardegik, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. 1957tik, euskaltzain urgazlea zen, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu zituen arren.
1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, hartutako erabakiak biltzen zituen txostena plazaratu zen. Hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren —euskara batuaren sorrera-agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen.
21. KORRIKA 2018ko azaroan aurkeztuko dugula aprobetxatuz, EUSKARA BATUAREN 50. urteurrena dela baliatuz, eta Txillardegik merezitako omenaldia behar duelakoan, 21. KORRIKAn Txillardegi omentzeko proposamena dakargu; egundoko lana egin zuelako, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogulako. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da: EUSKARA BATUA.