Segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimak aitortzeko lege proposamena erregistratu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu-Orain Bai gaur Nafarroako Parlamentuan.
Espainiako Auzitegi Konstituzioanak aurreko legealdian onartutako legearen eduki nagusia indargabetu zuen, udan, PPk helegita jarri ondoren. Laukoak ohar bidez jakinarazi duenez, zailtasun juridikoak kontuan hartuta, bide guztiak aztertu dituzte. Proposamenaren helburua da, muga guztiak kontuan harturik ere, egun aitortuak ez diren biktima horiek "ziurtasun juridiko handiagoz" lor dezatela dagozkien aitortza eta erreparazioa.
"Inoiz baino beharrezkoagoa da", diote. Biktima horien errealitatea azaleratzeko eta aitortza lortzeko mugak "gero eta handiagoak badira ere" bide bat ireki nahi dute beste lege bat proposatuz. Lege proposamenak hutsuneak izango dituela onartu dute.
Konstituzionalak baliogabetu egin zuen aitortza eta erreparazioaren batzordea sortzea, "justizia paralelo bat" sortzea helburu zuela iritzita. Lege proposamenak izen bereko batzorde bat osatzea proposatzen du; baina, aldaketekin: lehenik, Gobernuaren egitura barruan egongo da, bake eta bizikidetza politikez arduratzen den organoaren menpe; bigarrenik, biktima aitortzeko prozesua "administrazio prozedura" bat izango du, eta ezingo du "inondik ere" zigor helbururik izan.