Claverina eta Sorita hartzekin ere, elkarbizitza

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 10a, 11:55

Bi hartz-eme horiek dira Nafar Pirinioa aztoratzen ari direnak. Esloveniar jatorria dute eta urrian sartu zituzten Frantziako erakundeek aurretik Nafarroarekin hartu-emanik izan gabe. Neurriak hartu dituzte elkarbizitza egon dadin. 

Claverina eta Sorita. Bi hartz-eme horiek dira Nafar Pirinioa aztoratzen ari direnak. Esloveniar jatorria dute eta urrian sartu zituzten Frantziako erakundeek aurretik Nafarroarekin hartu-emanik izan gabe. Eta horrek sortu du Pirinioan bizi diren herritarren kezka. Berehala hasi ziren lehen erasoak: Zaraitzuko eta Erronkariko artaldeei eraso zieten hartzek. Eta berehala jarri zen Landa Garapenerako departamentua gaia jorratzen.

Plangintza bat osatu du abeltzainekin, toki entitateekin eta hartzen eragina izan dezaketen sektoreekin elkarlanean. 57 neurri adostu dituzte, batzuk epe laburrera eraginen dutenak eta beste batzuk epe luzera begirakoak izanen dira. Isabel Elizalde izan da gaur parlamentuan azalpenak ematen. Eta lehengo esan duena da, hartzak une hauetan ez daudela Nafarroan: "Aragoira joan dira hartzak. Dena dela, animaliek ez dute ulertzen muga administratiboez eta edonoiz itzuli daitezke. Uste dugu oraindik ez daudela lo. Neurriak hartu eta baliabideak eskainiko ditugu". 

Abeltzantza estentsiboa ziurtatzeko baliabideak jarriko dituzte: eknomikoak, giza baliabideak eta bestelakoak ere bai. Hartza gerturatzen denerako artaldeetara berehala jakiteko teknologia berria ere ezarriko dute. Hogeita lau artalde dira Nafar Pirinioan dabiltzanak. Horietako bakoitzean hiru geolokalizadore jarriko dizkiete ardiei. Horretarako 30.000 euroko inbertsioa eginen du gobernuak. Diru partida bat izanen da horrez gain 2019 honetan hartzek sor dezaketen egoerei aurre egiteko. Horrez gain Elizaldek jakinarazi du erasoa pairatu duten artaldeetako jabeek kalte-ordainak jaso dituztela jada: 430 euro artalde bakoitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!