Aske utzi dituzte sanferminetako erasotzaileak epaia irmoa izan arte

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 3a, 14:10

>Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak helegite bana aurkeztuko diote erabakiari. 
>Lunes Lilas Elkarteak elkarretaratzea deitu nahi izan du gaurko baina baimenik ez dio eman Espainiak Nafarroan duen ordezkaritzak. Astelehenean 19:00etan eginen dute elkarretaratzea Gazteluko plazan.

Nafarroako Auzitegiak baztertu egin ditu Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta herri akusazioen eskariak, eta sanfeminetako erasotzaileak ez espetxeratzea erabaki du. Hala, zigortutako bost gizonezkoek baldintzapeko askatasunean jarraituko dute Espainiako Auzitegi Gorenak azken epaia eman arte.

Akusazio guztiek eskatu zuten bost erasotzaileak espetxeratzeko; batez ere, bi argudiotan oinarrituta: ihes egiteko arriskua dagoela eta delituak berriro egin ditzaketela. Defentsak, berriz, ohartarazi zuen epai irmoa baino lehen kartzelan sartzea "salbuespen" neurria dela, eta kasu honetan ez dela bidezkoa.

Bi magistratuk bozkatu dute zigortuak espetxeratzearen kontra eta kartzelaratzearen alde bozkatu du erabakia hartu duen aretoko presidenteak, argudiatuz erasotzaileei ezarritako zigorra larria dela eta ihes egiteko arriskua badela.

Auzitegiak ebazpenean azaldu duenez, behin-behineko espetxeratzeak ezin du "helburu zigortzailea" izan, ezta "zigorraren betetzea aurreratzea" bilatu ere. Adierazi du ezin dela oharkabean pasa zigortuak espetxean izan zirela 2016ko uztailaren 7tik 2018ko ekainaren 22ra arte. Halaber, argudiatu du aske utzi zituztenetik ezarri zitzaizkien baldintza guztiak bete dituztela. Hori dela eta, ezin da ondorioztatu zigortuek ihes egiteko arriskurik dutenik, auzitegiaren esanetan.

Delitua berriz egiteko arriskurik ere ez du ikusten aretoak. Zigortuetako bat ekainean lesioengatik eta lapurretagatik kondenatu zuten; baina hori ez da arrazoi nahikoa, auzitegiaren iritziz, sexu abusuarekin lotuta jaso duen zigorrarengatik hura orain espetxeratzeko. Azaldu duenez, izaera juridiko oso bestelako delituak dira egotzi zaizkionak eta sexu abusua baino larritasun apalagokoak.

Bost erasotzaileetako lau beste sexu eraso batengatik auzipetu izana ere ez da arrazoi nahikoa, auzitegiaren esanetan. Cordobako Pozoblancon izandako sexu eraso batengatik auzipetu dituzte. 2016ko maiatzean gertatu zen. Bakarrik zegoen emakume bati eraso egin zioten eta erasoa bideoan jasotzen duen irudiak atzeman zizkieten sanferminetako erasotzaileei, Iruñeko epaitegian ikertu zituztenean. Auzitegiak arrazoitu du Pozoblancoko gertaeren gaineko epaiketa ez dela egin oraindik.

2017ko azaro amaieran epaitu zituzten bost erasotzaileak Nafarroako Lurralde Auzitegian, eta apirilean jakinarazi zuten epaia: bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zieten, sexu abusua egotzita; delitua ez zuten sexu erasotzat hartu, indarkeriarik eta intimidaziorik izan ez zelakoan. Ekainean, berriz, aske utzi zituzten bostak, argudio hartuta ez zegoela ihes egiteko arriskurik, ezta delituak errepikatzekoa ere, erasotzaileak aski ezagunak direlako. Abendu hasieran Nafarroako Auzitegi Nagusiak sententzia berretsi zuen, eta bost gizonak berriro espetxeratzeko eskatu zuten fiskalak eta akusazioek; haien ustez, bigarren epaiak aldatu egin du erasotzaileen egoera, eta orain handiagoa da ihes egiteko eta delitua errepikatzeko arriskua. Defentsa abokatuek, ordea, ez dute aldaketarik antzeman. Espainiako Auzitegi Gorenera jo dute aldeek, eta hark hartu beharko du erabakia. Denbora joango da.

Espero zitekeen erabakia

Gaur ezagutu dugun erabakiaren aurrean erasoa jasan behar izan zuen emakumearen abokatuak, Carlos Bakaikoak esan du desegokia iruditu zaiola erabakia. Aztertzen ari da erregu eskariaren formula erabiltzea helegitea aurkezteko. Dena dela, teknikoki egiterik bada ere ez du aldaketarik espero horren erresoluzioan ere.

Txanponaren beste aldean, bost gizonen defentsa abokatua.  “Lasaitasuna” hartu du, bost gizonen artetik batzuen defentsarako abokatua izan da, Agustin Martinez Bezerrak. Ekainean libre uzteko hartutako erabakiaz geroztik ez da aldaketarik izan eta hortaz, erabakiak emandakoa behar zuela izan uste du Martinez Bezerrak. Espetxera bidaltzeko eskaera ez zen aproposa eta justifikatu gabea zela nabarmendu du.

Bat egin ezinda epaiarekin

Erabakiaren berri goizeko bederatziak jotzear zirela jaso dugu. Eta ordutik goiz osoan erreakzio ugari izan dira, bereziki sare sozialen bidez. Lunes Lilas elkarteak kalera ateratzen segitzeko deia egin du. Ulertezina izan da bortxaketa honen auzian egindako mugimendu guztiak eta gaur ezagutu duguna beste erabaki ulertezina dela nabarmendu du kolektibo horretako Larraitz Trinkadok. Aztertzen ari dira mobilizazioa gaur bertan egitea, seguruenik iluntzeko zortzietarako  eginen dute deia Iruñeko udaletxe plazan 8etan biltzeko.

Nafarroako Gobernuak ere lehen balorazioa egin du erabaki honen berri jakin bezain laster. Hasteko, Herritarrekiko eta Erakundeekiko kontseilaria izanen dugu, Ana Ollo. Azaldu du, helegitea jarriko duela berriz ere gobernuak bost gizonezko horiek berehala espetxera bidali ditzaten eskatuz eta gauza bera eginen du baita Iruñeko Udalak ere. 

Geroa Baik sumina eta haserrea sentitu ditu epaiaren berri izan eta berehala. EH Bildu ere kritiko. Bost bortxatzaileei inpunitatea eman dietela ematen duela esan dute.  Justiziak ikuspegi feminista behar duela nabarmendu du baita Orain Baiko Laura Perezek ere eta bat dator ideia horrekin baita Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarez ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!