Uraren ziklo integralaren planak ur kalitatea hobetu eta erabilera mugatu nahi ditu

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 31a, 09:28

Datorren hamabi urteetarako biztanleria osoaren hornikuntza etasaneamendua arautu eta bermatzen du planak. 

Uraren Ziklo Integraleko Plan Gidatzailea aurkeztu du Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio Departamentuak.  Datorren hamabi urteetarako biztanleria osoaren hornikuntza eta saneamendua arautu eta bermatzen du planak. Isabel Elizalde kontseilariak nabarmendu du plana etorkizunera begirakoa dela:

Planak Foru Komunitate osoko hornikuntza eta saneamendua arautu eta egituratu, eta honakoak ezartzen ditu:

- 2030erako kalitate altuko uren hornikuntza-iturriak izango ditu biztanleria osoak, kontsumoa arduratsua izango da eta ez da biztanle eta eguneko 120 litroen gainetik egongo, eta, azkenik, 2024rako saneamendua osoa izango da 100 biztanle baino gehiagoko gune guztietan.

Aurkezpen-ekitaldian Isabel Elizalde kontseilaria izan da buru, eta berarekin izan dira Tokiko Administrazioko zuzendari nagusia, Xabi Lasa, eta Ingurumen eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Elizalde kontseilariak nabarmendu du “plana mugarria dela Nafarroako uraren kudeaketan; izan ere, lehen aldia da plan integral bat dagoena, aurretiaz elkarrekiko loturarik ez zuten bi plan desberdindu existitzen baitziren, hornikuntzarako bat eta saneamendurako bestea”. Azpimarratu du, gainera, plana ez dela “azpiegituren zerrenda soil bat”, baizik eta “gobernantza berri bat, kontsumoa murrizteko neurriak eta efizientzia” proposatzen dituela, eta, batez ere, “bidea irekitzen diela nafarrei klima-aldaketaren egoera berrira doitzeko”.

Planak etorkizuneko gobernantza, sentsibilizazioa, dibulgazioa eta azpiegiturak lantzen ditu. Hamar ildo zehazten ditu planak: ziklo integrala sendotzea, gobernantza, hornikuntzako ekintza orokorrak, hornikuntzaren hobekuntza altuan eta baxuan, saneamenduko ekintza orokorrak, saneamenduaren hobekuntza altuan eta baxuan, kostuak eta tarifa-sistema, ezagutza, sentsibilizazioa eta dibulgazioa.

Plana baliabide garrantzitsua da gainera ur kontuetan klima-aldaketaren aurka ezarritako borrokan; izan ere, aurreikuspenen arabera, ekarpen hidrologikoek behera egingo dute Nafarroan 2030. urterako, biztanleria egonkor mantenduko den artean. Hortaz, baliabide gutxiagorekin eskaera berberei erantzuna eman beharko zaie. Egun urteko 77 hektometro kubikokoa da Nafarroako ur-kontsumoa.

Planak 439 milioi eurotako aurrekontua du gutxi gorabehera, zeina tokiko azpiegituren planeko funtsekin, saneamenduko kanonarekin eta tokiko erakundeen ekarpenekin finantzatuko den.

Azaleko eta lurrazpiko ur-masen egoera ekologiko ona lortzea da planaren helburuetako bat, eta bai 2027rako kostu guztiak berreskuratzea ere. Europar Batasuneko Uraren Zuzentarau Markoak azken gai hori ezartzen du bete beharreko garrantzitsuenentzat. Ezarritako helburuak lortzeko sistema publiko baten aldeko apustua egin da, zeina Tokiko Administrazioa aldatzeko Legea gida hartuta artikulatuko den. Nazio Batuen Erakundeak 2030erako ezarritako garapen jasangarriko helburuak ere hartzen ditu bere barnean.

Planak ezartzen du 2030erako biztanleria osoak izango dituela kalitate handiko urak, egonkorrak eta zerbitzu jarraitu eta bikaina bermatzeko nahikoa dibertsifikatuak egongo diren hornikuntza-iturriak. Helburu gisa ezartzen da kontsumo arduratsuaren bitartez ez gainditzea biztanle eta eguneko 120 ur-litrotako muga.

Informazio publikoko izapidean jarriko den dokumentuak 741 ekarpen jaso ditu jada aurtengo urtarrila eta maiatza artean egin diren partaidetza-prozesuetan.

Fase berri honetan, eta dokumentua behin betiko onartu baino lehen, herritarrek, enpresek, kolektiboek eta norbanakoek egin ahal izango dizkiote alegazioak planari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!