Ospitale Guneko gaixoek menua hautatzeko aukera izanen dute

Euskalerria Irratia 2018ko abenduaren 11

Sendagileak ezarritako dieta jakin bat egin behar ez duten pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute, astearte honetatik aurrera.

Ospitale Gunean (Nafarroako Ospitalea, Bideko Ama Birjinaren Ospitalea eta Ubarmin Klinika), pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute, astearte honetatik aurrera. Sukalde zerbitzua publiko egin zutenetik hartutako neurrietako bat da aipatutakoa, alegia, "dieta gaixoaren gustuen araberakoa izatea, pazienteek nutrizio egokia edukitzea eta ospitaleratuta dauden denboran eroso sentitzea", Osasun Departamentuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Esan bezala, sendagileak ezarritako dieta jakin bat egin behar ez duten pazienteek eguerdiko zein gaueko menua aukeratuko dute. Horretarako, plater nagusi bakoitzeko bi aukera izango dituzte eta postrea ere aukeran izango dute.

Urrian egindako inkesta batean, 10etik 7,58 puntu lortu zituen egunero 820 lagunengana iristen den Nafarroako Ospitale Guneko janari zerbitzuak. Urtean 1,2 milioi menu prestatzen dituzte. Gainera, ospitalean gaua igarotzen ez duten pazienteek ere bertan bazkaldu ohi dute, baita ospitaleratuta dauden umeen gurasoek ere.

Aukera zabalagoa emate aldera, hamabost egunetik behin aldatzen dute menua, eta urtaroaren arabera ere aldatu ohi dute (neguko eta udako menuak daude). Gainera, aldian-aldian egiten dituzten inkestez baliatzen dira plater berriak prestatzeko eta puntuazio baxuena lortzen duten menuak baztertzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!