Ostegunean erabakiko du epaileak "sexu abusu jarraituak" egiteagatik zigortutakoak espetxeratzen dituen

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 11a, 07:57
Bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri diete bost gizon hauei.

Abenduaren 13an 10:00etan deitu dute saioa, eta auzipetuek bideokonferentziaz hartuko dute parte. Joan den ekainetik behin behinean aske daude bost erasotzaileak.

Nafarroako Justizia Auzitegiko Bigarren Salak ostegunean erabakiko du 2016ko sanferminetan emakume bati "sexu abusu jarraituak" egiteagatik zigortuak dauden bost gizonak espetxeratzen dituen. 10:00etarako deitu dute saio laburra, eta bost auzipetuek bideokonferentzia bidez hartuko dute parte, Sevillatik, euren abokatuek lagunduta.

2016ko sanferminetan emakume gazte bati sexu-gehiegikeriak egitegatik bederatzi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten. Epaia irmoa izan artean baina, baldintzapean aske utzi zituzten, besteak beste, bost erasotzaileek ihes egiteko arriskurik ez zegoela iritzita. Jose Angel Prenda, Angel Boza, Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo joan den ekainean atera ziren espetxetik 6.000 euroko bermea ordainduta. Kautelazko hainbat neurri ezarri zizkieten: astean hiru egunetan gertuen duten epaitegian aurkeztu behar dute, Madrilgo Erkidegoan sartzea debekatuta dute, han bizi baita biktima, eta harekin harremanetan jartzea ere galarazita dute, pasaportea kendu diete eta ezin dute Espainiatik atera.

Joan den astean, abenduaren 5ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen auziko epaia. Ez zen aho batez hartutako erabakia izan:  bost epailetatik bik boto partikularra eman zuten, sexu-erasoa izan zela esanez. Ebazpen horren berri izan eta berehala, Nafarroako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, auzipetuen espetxeratzea eskatuz. Fiskalaren arabera, behin bederatzi urteko kartzela zigorra berretsita, beharrezkoa da auzipetuek zigor hori beteko dutela ziurtatzea. Miguel Angel Moran abusu jarraituak jasan zituen biktimaren abokatuak ere gazte sevillarrak kartzelan sartzeko eskatuko duela iragarri zuen, nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik jarritako bederatzi urteko zigorra bete dezaten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!